Espainiako junior txapelketan zilarrezko domina eskuratu du Eizagirrek

Txintxarri 2019ko mar. 4a, 17:23

Txapelketa ia perfektua egin du LOKEko judokak; finalera bideko hiru borrokak erraztasunez irabazi ditu, minutu bat baino gutxiagoko denboran. Finala lehiatua izan arren, urrezko dominak ihes egin dio. Espainiako selekzioarekin arituko da orain

Sasoi onean, eta txapelketa onak egiten aritu da azken boladan Eneko Eizagirre judoka. Baina asteburu honetan bere ibilbideko emaitzarik garrantzitsuenetakoa lortu du: Espainiako junior txapelketan zilarrezko domina lortu du, 100 kilo azpiko kategorian; lau borrokatatik bakarra galdu du, finala. Gainerako hirurak nagusitasunez irabazi ditu; ipponez minutu bat baino gutxiagoan. Gorka Aristegi LOKEko judo entrenatzailea pozik agertu da, baina emaitzak ez dio ezustean harrapatu: "Nik banekien aukerak bazituela. Beste txapelketetatik aurkariak ezagutzen genituen. Bagenekien zozketaren arabera aukerak izango genituela".

Koadroko goiko aldetik egokitu zaio Eizagirreri. Madrilgo Santiago Uleciaren aurka hasi du txapelketa. Hamalau segundo iraun ditu LOKEko judokaren aurka. Hurrengo borrokan, finalerdiak jokatzeko aukera irabazteko, Galiziako judoka baten aurka neurtu ditu indarrak. Gehixeago kostatu zaio, baina, edozein modutan ere, mintutu bat baino gutxiagoan menderatu du aurkaria.

Finalerdietan iritsi da lehenengo erronka handia. Galiziako Alejandro Basteroren aurka lehiatu du, iazko azpitxapelduna. "Borroka zaila izan da, baina erraz irabazi du", esan du Aristegik. 48 segundotan lortu du finalerako txartela.
Finala izan du borroka lehiatuena. Alejandro Calvo Madrilgo judokak irabazi du txapelketa. "Ez du hain ondo egin. Denbora asko egon ziren geldirik, borroka trabatua izan zen. Galdu egin zuen eta kitto, ez dago besterik". Bide neketsuagoa izan zuen Calvok finalera bidean, ez baitu horrenbesteko nagusitasunez irabazi borroka guztiak.

Espainiako selekzioarekin
Gorabeheratsu hasitako denboraldia borobiltzea lortu du judoka gazteak. "Oso azkarra da, ongi irakurtzen ditu borrokak, eta badaki zer egin behar duen". Aurretik Gipuzkoako eta Tortosako Espainiako kopako txapelduna izan da, eta Salamancako bigarrena. Ahaztu ditu dagoeneko denboraldi hasierako minak, eta erritmoa hartuta dago. Gainera, bigarren postu honekin ate gehiago ireki zaizkio, Espainiako selekzioak hautatu baitu Europako kopak jokatzeko.