Maite Salazar, bigarren Beasaingo 14 kilometroko lasterketan

Txintxarri 2019ko mar. 4a, 12:24
Maite Salazar, esfortzu betean. LASTERKETAK.EUS

Ezaguna du Lasarte-Oriako lasterkariak Bealak taldeak antolatutako proba; iaz ere bigarren egin zuen. 

Beasaingo kale luzeak ondo ezagutzen ditu Maite Salazar korrikalariak. Kaleak bakarrik ez, herri lasterketako podiuma ere ezaguna egiten zaio, behin baino gehiagotan igo da eta. Azkena, igande honetan; bigarren egin du Beasaingo herri lasterketan, 14 kilometroko proban. Lehia estua izan da, lehen hiru lasterkariak denbora gutxian sartu baitira. Ordubete eskas behar izan du lasarteoriatarrak helmugaratzeko. Gemma Hernandez urretxuarrak aurre hartu dio, 45 bat segundoko aldeagatik. Hirugarren Elena Calvillo beasaindarra izan da, 1:01 denborarekin. 

Aurten aldatu egin dute lasterketaren egitura. Iaz bi proba zeuden. Zazpi kilometroko motzak, herriari itzulia egiten zion. Hain justu, bigarren egin zuen proba horretan Salazarrek. 14 kilometrokoak bi bira ematen dizkio herriari. Halere, aurten lasterketa mistorako bakarrik utzi dute proba motza. Hortaz, bakarkakoak behartuta zeuden luzea egitera. 

Edonola ere, izan dira lasarteoriatar gehiago Beasainen. Peio Fadriquek lasterketa luzean parte hartu du; 1:10eko denboran eman ditu bi itzuliak.