Argia, kamerak... Grabatzen!

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 3a, 20:10
Zabaleta Auzolan konpartsako kideak bikingoz mozorrotu ziren.

Fikziozko pertsonaiaz bete da Lasarte-Oria. 'Casting' koloretsu eta jendetsua izan da. Pelikula, telesail, komiki eta ipuinak izan dira lasarteoriatarren iturri. Imajinazioa eta grazia jarri dizkiete mozorroei, eta herria alaitu dute. Sei konpartsa animatu dira aurtengo Inauterietan parte hartzera: emanaldiak eskaini dituzte aurrena, eta desfilatu gero

Argiak, kamerak... Grabatzen! Bazen behin...Lasarte-Oria. Edo Lasarte-Oriaren abenturak eta kalenturak, adibidez. Aukeratu nahi duzun titularra, irakurle, guztiek balio baitute atzo herrian gertatutakoa deskribatzeko. Inauterien egun handia ospatu zuten lasarteoriatarrek, fikziozko pertsonaiez jantzita. Imajinazioa askatu eta mozorro ikusgarriak egin zituzten. Pelikula, telesail, komiki eta ipuinetatik hartu zituzten ideiak. Eguzkia ere animatu zen festara, eta hori ez zen fikzioa izan.

Oria ibaiko lamiak; Harriketarrak; Shrek eta familia; Disney etxeko pertsonaiak; Harry Potter eta lagunak; genero, adin eta kolore guztietako superheroiak; zonbiak; Goenkale telesail mitikoko Maria Luisa, Ortentxi eta Margari; Avatar pelikulako izaki miragarriak... Atzo kaletik ikusten ziren mozorroak zerrendatzen jarraituz gero, bihar arte idazten segiko luke kazetariak. Sorgin Jaiek proposatu zuten fikzioa eta erraustegiaren aurkako protesta uztartzea; ekintza bat egin zuten Okendo plazan. Trumoi taberna, adibidez, "ingurumen zentroa" izan zen atzo. Gipuzkoako Foru Aldundiak izen hori erabiltzen du errauste planta mozorrotzen saiatzeko. Azpiegitura hori ere ez da fikziozkoa.

Konpartsen emanaldiak

Zabaleta Auzolan, Sasoeta Sasoian, Emakumeen Zentro Zibikoa, Intzak Parrandan (aurten ere beraiek irabazi dute saria), Jalgune eta Erketz. Sei konpartsa horiek girotu zuten Okendo plaza goizean, eta herria arratsaldean. Bikingoz, Shrek pelikula famatuko pertsonaiez, Batman superheroiaz, maitagarriz, Disneyko pertsonaiez eta iratxoz mozorrotu ziren, hurrenez hurren. Eguerdi aldera iritsi ziren plazara. Euren buruak aurkeztu zituzten, eta aurreko asteetan prestatutako koreografiak taularatu. Ikus-entzulez beteta zegoen plaza.

Bazkalostean, desfilea. Eguraldi ezin hobea lagun, Okendo plazatik abiatu ziren; gero, Kale nagusia zeharkatu; bueltan, Geltoki kaletik pasa; eta, bukatzeko, buelta Okendora. Txokolate goxoa jan zuten indarrak berritzeko. Gaueko ordu txikietara arte luzatu zen festa. Gazteenak plazako karpan geratu ziren, disko jaiaz gozatzen. Tabernak ere lepo zeuden. Aspaldi ez zen ikusten horrelako girorik herrian. Ea datorren urteko Inauterietan ere hala den.

 

Erlazionatuak

Inauteriak - Goiza IV

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 03 Kultura

Inahaldunak-Ostirala

Txintxarri Aldizkaria 2019 mar 04 Kultura