Ikastetxeetan hasi da festa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 1a, 20:13

Lasarteoriatarrak biharko egun handirako prestatzen ari dira, baina festa hasi da honezkero: herriko ikastetxeak arratsaldean zehar murgildu dira Inauterietan. Fikziozko pertsonaiak izan dira protagonista Sasoeta-Zumaburun eta Landaberri LHn; Garaikoetxean, berriz, Euskal Inauteriak ospatu dituzte

Herriko irakasle eta ikasleek ez dute bihar arte itxaron. Urte luze bat itxaroten pasa ostean, Inauteriak ospatzeko irrikitan zeuden. Gaur arratsaldean asetu dute jai-giro egarria: fikziozko pertsonaiak izan dira protagonista Sasoeta Zumaburun eta Landaberri LHn; Garaikoetxean, berriz, Euskal Inauteriak ospatu dituzte. Inauterien egun handia biharkoa izango da: pelikula, telesail, ipuin, komiki eta abarretako pertsonaiez mozorrotuko dira.

Euskal mitologiako pertsonaiak aukeratu dituzte Sasoeta-Zumaburun: Argitxo iratxoa, deabruak, lamiak, akerbeltz... Koadrila ederra batu da ikastetxeko patioan. Ordubete pasatxoko emanaldia eskaini dute; adurra zeriela zeuden guraso eta aiton-amonak. Sakelekoak atera dituzte, momentu horiek betirako gordetzeko.

Euskal Inauteriak eta fikzioa

Garaikoetxea-Landaberrik herriak baino ia astebete beranduago ospatzen ditu Euskal Inauteriak. Ikastetxe horretatik pasa diren ikasleetako askok gogoratzen dituzte eguzkia eta ilargia. Ikasturteak joan eta ikasturteak etorri ohitura mantentzen dute antolatzaileek. Txantxoz jantzita atera dira patiora ikasle guztiak, kolorezko txanoak buru gainean. Dantzan eta kantuan egin dute arratsaldeko bostak arte.

Kilometro pare batera, fikziozko hainbat pertsonaia ekarri dituzte gogora Landaberriko Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleek: ninja dortokak, Harry Potter magoa eta Dementore maltzurrak, Minion bihurriak, zonbiak...eta mamu harrapariak! Irakasle talde bat atera da horrela mozorrotuta, aurreko asteetan entseatutako koreografia ikasleei erakustera; zur eta lur utzi dituzte gaztetxoak. 

Ikastetxeetan hasi da festa, eta bihar jarraituko du, Inauterien egun handiarekin. Herritarrak eta konpartsak aterako dira kalera, denetariko mozorroak soinean. Asteburua hasi besterik ez da egin.

Erlazionatuak

Sasoeta-Zumaburuko Inauteriak I

Adrian Garcia 2019 mar 01 Hezkuntza