Buruntzaldea IKT gaztetxoak markak eta gutxienekoak metatzen doaz. Euskal Herriko infantil mailako txapelketan zein infantil eta junior mailako Espainiakoan, ederki egin dute lan.
Asteburuan, Euskal Herriko infantil mailako txapelketa lehiatu dute Galdakaon. Buruntzaldea IKTko hainbat gaztetxok bere onena eman, dominak eskuratu eta markak hobetzeaz gain, hainbatek Espainiako txapelketarako txartela ere eskuratu dute.
15 urtekoen kategorian, Aintzane Sarobek 50 metro libreko txapela eskuratu du, eta 200m. eta 100m. libre probako bigarren postuan izan da. 100 m. proba egiteko 59,86 segundo behar izan ditu. Ondorioz, Buruntzaldea IKTko lehen emakumea da proba minututik behera egiten duena.
1.500 metro probako lehen postua eskuratu du Nerea Santosek, eta zilarrezko domina 800 m. libre proban.
Eneko Elizasuk 1.500 m. proba bigarren amaitu du, eta 400 m. eta 800m. librekoan, aldiz, hirugarren izan da.
Nora Imaz 14 urtekoen mailan lehiatu da, eta hiru domina eskuratu ditu: 800 m. libretako garaikurra, 400 m. libretako zilarrezkoa eta 200 m. libretako brontzezkoa.
16 urteko mailan, Unai Somovillak 200 m. estiloko hirugarren mailan izan da podiumean. Horrez gain, 100m. bular eta tximeletako probetan markak ondu ditu.
Espainiako txapelketarako gutxienekoak ere egin ditu Nora Imazek, 200m., 400m. eta 800m. libre probetan.
Bestalde, Leire eta Ainhoa Martin ahizpak Federazio arteko infantil eta junior mailako Espainiako txapelketan lehiatu dute, Castellon, otsailaren 16 eta 17an. Euskadiko selekzioarekin parte hartu dute biek, eta lau marka pertsonal ondu dituzte.
Markak ontzen
Ainhoak 100m., 200m. bular eta 200m. eta 400 m. estiloetan egin du igeri. Azken horretan bere marka pertsonala hobetu du, eta tartean, 100m. tximeletakoa.
Bular probetan ez du marka pertsonalik egin, baina 50 metroko zatia "orain arteko azkarrena" izan da.
Leirek ere lau proba egin ditu: bizkar estiloko 100m. eta 200m. probak, eta estilo libreko 200m. eta 800m. "Guztietan txukun aritu da, baina bereziki estilo libreko distantzia luzean ibili da ondo". Bere marka 3 segundotan jaitsi du.
Errelebo probetan ere lehiatu dira ahizpak. Biak batera izan dira 4x100 m. estilo proban, eta Leirek 4x200m. librean ere parte hartu du.
Bestalde, Nerea Irazuk alebin mailako teknifikazio saioa egin zuen otsailaren 16an, Gipuzkoako Federazioarekin.