Pilar Soberon herritarraren Hodei putzua. Jardín vertical erakusketa Irungo Menchu Gal erakusketa gelan dago.
Erakusketa horretan lorategiaren mitoa landu du. Lorategietan natura, mitoa eta kreazioa nahasten dira, garapen bat duen lana sortuz. Eguzkiak eta izerdiak elikatzen dute, eta geometriak eta desordena dira nagusi. Horrela, lorategiari buruzko beste pertzepzio bat eman nahi izan du herritarrak. "Espazio honetara natura ekarri nahi nuen eta lorategiaren ideia etorri zitzaidan burura. Baina ikuspuntuari buelta eman nahi izan nion eta horregatik, lanak lurrean, paretetan eta sabaian daude".
Irunen hamar artelan daude ikusgai. Horietako batzuk bereziki erakusketarako eginak daude, eta aretoan bertan egindakoak dira. "Espazioaren ezaugarriak aztertu nituen. Jauregi bat da, bere istoria du... Horiek kontuan izanik, espazioan lan egin nuen artelanak sortzen", adierazi du Pilar Soberonek.
Natura aretora eraman nahi horretan, haziak, zuhaitz eta landare hostoak, mineralak eta beste elementu batzuk erabili ditu Soberonek erakusketako lana sortzean. Nahiko arraroa den alabastro urdina da mineral horietako bat.
Teknikak ere nahastu ditu. Argazkia, margoa eta harriak batu ditu lanetako batean. "Margoei erliebea jartzean, eskultura bilakatzen dira, eta aldaketa horiekin ere jolastea dut gustuko".
Horrez gain, Soberonek naturan egindako ekintzak beste formatu batera ekarri ditu erakusketa honetarako. "Mosaiko digitalean naturan egindako interbentzio batetako irudiak ikus daitezke. Kanpokoa eta aretokoa nahastu nahi izan ditut. Mugak hautsi eta sorkuntza askea denez, artea ere horrelakoa izan daitekeela erakutsi nahi izan dut", azpimarratu du Soberonek.
Menchu Gal erakusketa aretoak emakumeak arte garaikidean duen papera nabarmendu nahi du erakusketa honen bitartez, baita 2019an aurreikusiak dituen beste batzuekin ere.
Maiatzaren 12ra arte ikusi ahalko dira herritarraren lanak Irungo Urdanibia plazan. Ostiral eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara, egongo da irekia erakusketa gela; igande eta jai egunetan, berriz, 11:30etik 13:30era.