Erresilientzia

Jexux Artetxe 2019ko mar. 1a, 08:48

Aurtengo urrian beteko da Estatutua erabaki zeneko berrogeigarren urteurrena. Urtetan, aberriaren izenean ari izan diren batzuei euskal naziotasunaren ukapena eta euskal lurraldearen partizioa zekarrela iruditu izan zitzaielako, oposiziorik gogorrena egin zioten

Aurtengo urrian beteko da Estatutua erabaki zeneko berrogeigarren urteurrena. Urtetan, aberriaren izenean ari izan diren batzuei euskal naziotasunaren ukapena eta euskal lurraldearen partizioa zekarrela iruditu izan zitzaielako, oposiziorik gogorrena egin zioten. Lurrez, itsasoz eta airez, eta arma guztiak erabiliz, egindako erasoak amaigabeak izan dira.

Hala eta guztiz ere, gutxik ezezten dute gaur, lau hamarraldiko autonomia aroa emankorra izan denik. Ibarretxe lehendakariak esaten duen modura, Estatutuak gure esku jarritako ahalmenen bitartez, Europako herrialde aurreratuenen neurriko ‘giza garapen sostengarria’ lortu dugu. Eta, zentzu horretan, iritziz zeharo aldatu dute hasiera hartako ukatzaileek ere. Orain 40 urteko erabaki hura, txepelkeria umiliagarria bezala salatzetik Espainiako zentralkeriari irabazitako konkista gisa goraipatzera pasa dira. Nabarmena emandako ziaboga politikoa. Baina ez dugu ukatu behar aurrerabidean jarri gaituen zuzenketa izan denik. Etorkizunari buruzko ikuspegi okerreko bide haren arabera gaizki egindakoa aitortzea falta bazaie ere.

Dena dela, Estatutuak aurkari boteretsuak izan ditu Madrilen ere. Gure burujabetze-prozesua alde guztietatik moteldu eta higatu nahi izan dutenak. Eskubikoak zein ezkerrekoak. Azken garaietan, indar eskubitarrak ari dira jarrerarik lotsagabeenak erakusten, gure autogobernuarentzat oso kaltegarria den norgehiagoka zentralista batean murgilduta. Espainiako Senatuan, egun hauetan onartu den ebazpena oso adierazgarria da.
Gure erabakimena babestu nahi badugu, ezin gara egingarriak ez diren ametsekin nahaspilatu. Aldiz, oraingo autonomia defendatzeko gai garela frogatu beharko dugu. Horrexegatik, hemen Euskal estatutua agortuta balego bezala hartu nahi dutenak jakin behar dute, han arau hori baliogabe utzi nahi dutenen joko berean ari direla. Presta gaitezen ondo, erresilientzia garaiak baitatoz.