Hiru lasterketa: garaipen bat, eta beste bi podium

Adrian Garcia 2019ko ots. 26a, 12:41
Raul Gomez Margallo, Igarako igoeran. JAVIER ZATARAIN

Raul Gomez Margallok hiru lasterketa egin ditu 48 ordutan. Hernaniko Sagar Lasterran bigarren izan da, Ibaetako igoera irabazi du, eta lehen beteranoa izan da Ormaiztegiko Sahara Krosean. 

Kilometro batzuk egin ditu asteburu honetan Raul Gomez Margallo lasterkariak; kalitate onekoak, gainera. Hiru lasterketatan parte hartu du, eta denetan egon da lehian aurreko postuetan. Larunbat goizean, Sagar Lasterran bigarren egin zuen, Hernanin. Arratsaldean Ibaetako igoeran besoak altxa zituen helmugan. Eta, azkenik, igandean Sahara-Cross Salem Hach Embarek Oroimenean laugarren egin zuen, nahiz eta beteranoetan lehenengoa izan.

Nekaezina da Lasarte-Oriako herri lasterkaria, eta ezin du lasterketa bat bera ere alde batera utzi. "Ikusi nuen Hernanikoa eta Ibaetakoa egun berean jarri zituztela, eta pena ematen zidan huts egiteak, urtero egiten ditut eta. Asteburu osoa izan da", kontatu dio TXINTXARRI-ri.
Sagar Lasterra atsegin du korrikalariak, eta hasieratik atera zen Sergio Roman irabazlearen atzetik. "Atzekoei abantaila atera genien, baina 6. eta 7. kilometro artean ihes egin zidan. Ni baino gehiago da Roman, baina saiatu egin behar nuen". 9 kilometro eskas ditu lasterketak, aldapa gora gogor batzuekin. Ikusita garaipena zaila zuela, esfortzua neurtzen hasi zen Margallo, bigarren postua ziurtatzeko. "Burua arratsaldeko lasterketan nuen jarria".

Garaipena Ibaetan
Larunbateko bi lasterketek badute berezitasun bat: aldapek asko gogortzen dute proba. Ibaetakoak sei kilometroko luzera, baina 800 bat metroko malda pikoa du: Aingeru zaindariaren igoera. "Mikel Albenizekin aritu nintzen lehian. Kostata, baina lortu nuen aldapa hasi aurretik atzean uztea, lasaiago igo ahal izateko". 20 segundoko aldearekin iritsi zen helmugara".

Azkenik, igandean ahal zuen moduan saiatu zen lasterketa txukuna egiten. Aurrekoei jarraitzea zuen helburua, baina bezperako nekeak nabari zituen hanketan. "Aldapa gogor bat zegoen ibilbidean, asfaltatu gabea, eta Ibaetako igoera etorri zitzaidan gogora. Lur jota utzi ninduen, eta erritmoa galdu nuen".

Edonola ere, podiumean sartzeko lehian ibili zen azken unera arte. "Hirugarren nengoen, baina kilometro erdiren faltan aurreratu zidaten". Laugarren postuan iritsi zen, podiumetik bost segundo eskasera. Halere, saria eraman zuen etxera, beteranoetan garaipena eskuratuta. "Lore sorta jasotzera igo nintzen gutxienez podiumera".

Hurrengo asteburuan atseden hartuko du Margallok. "Sagardotegia dut", dio barrez. Udaberri aldean datozen lasterketak prestatuko ditu gero; Donostiako Maratoi Erdiko 10 kilometrokoa du buruan: "Ibilbide azkarra da, eta egun on bat izaten badut, 32 minututik jaitsi nahiko nuke".