Naroa Furundarena eta Enara Gonzalez, Euskadiko txapeldunak

Txintxarri 2019ko ots. 25a, 13:55

LOKEko bi atletek urrea irabazi dute luzera saltoan, 20 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko kategorietan. Gainera, jauzi hirukoitzan ere garaipena eskuratu du Furundarenak.

Denboraldiko une erabakigarrietan sasoi betean iristeko prestatzen dituzte LOKE atletak, eta Naroa Furundarenaren eta Enara Gonzalezen emaitzak ikusita, asmatu dute. Marka pertsonala ondu du lehenak 20 urtez azpiko Euskadiko luzera saltoko txapelketan (5,50 metro); urrezko domina irabazteaz gainera, gutxiengo marka ere lortu du udan Espainiako txapelketan lehiatzeko. Gainera, jauzi hirukoitzean ere irabazi du. Bigarrenak, aldiz, lehia estu baten ostean eskuratu du 18 urtez azpiko luzera saltoko txapelketa, zentimetro bakarrarengatik.

Aurkaririk ez du izan Furundarenak; lehen jauzitik agindu du sailkapenean (5,22 metro), eta guztietan gainditu du bost metroko langa. Portugaleteko Aida Ruiz bigarren sailkatuak 5,14 metro egin ditu gehienez, eta, hirugarrenak, Elgoibarko Eider Iglesiasek, 5,09 metro. Jauzi hirukoitzean lehiakiderik gabe geratu da, aurkaria ez baita aurkeztu. Halere, 11,60 metroko marka utzi du. "Une honetan oso maila onean dago. Junior mailan Euskadiko onenetakoa da", azaldu du Oscar Goikoetxea LOKEko entrenatzaileak.

Pozik dago atletismoko arduraduna, bi atletek ongi lehiatu dutelako. Baina batez ere Gozalezen jauzia nabarmendu du. Ez soilik pistan egindakoa, kalitatean emandakoa baizik. "Bera baino marka hobeagoa duen atletari irabazi dio". Izan ere, Bilboko Maialen Mierak 5,60 metroko marka pertsonala du. Modu horretan, estalpeko eta aire zabaleko Espainiako txapelketa jokatzeko txartela eskuratu du lasarteoriatarrak. Martxoaren 9ko asteburuan lehiatuko du estalpekoa, Valentzian.

Gutxiengo markak
Atletismoan gutxiengo markek ematen dute txapelketa batera edo bestera joateko eskubidea. Alegia, titulu bat irabazteak ez du ziurtatzen aurrera egitea. Eta kirol eta maila horretan, Espainiako txapelketa da mugarria. "Atleta normal eta maila handiko baten arteko desberdintasuna hori da, txapelketa horretan lehiatu ahal izatea". Horrek zailtzen du prestaketa; izan ere, maila onenean iritsi behar dira atletak zita horretara, baina gutxiengo markak aurretik poltsikoratuta.
Konfiantzaz beteta, eta emaitzak lagun, asteburu honetan hitzordu garrantzitsua du Furundarenak: estalpeko Espainiako txapelketa, Madrilen. Luzera saltoan lortutako marka pertsonalarekin, Goikoetxeak uste du lehen zortziren artean sailkatzeko aukera duela. "Erronka zaila izango da". Edonola ere, maila handia dago modalitate horretan, eta horregatik, LOKEko arduradunak salto hirukoitzean ditu jarrita itxaropenak. "11,87ko marka pertsola du, eta lehen bosten artean sailkatzeko borrokatu beharko da. Podiumera igotzea oso zaila da, baina ez ezinezkoa". 
Sasoi onean eta etxeko-lanak ongi beteta iritsiko da Lasarte-Oriako atleta. Gaztea izan arren, ongi daki lehiatzen, urduritasuna eta presioa alde batera utzita. "Fisikoa entrenatu dezakezu, baina badira beste gauza batzuk landu ezin daitezkeenak, psikologia adibidez. Badaude beldurtu egiten direnak, ez dakitelako lehiatzen. Beste batzuk, ordea, hazi egiten dira, eta dutena baino gehiago ematen dute. Horietakoa da Naroa". 
Juniorrek ez ezik, gaztetxoagoek ere ematen dituzte poztasunak LOKEn. Infantilek, esaterako. Gipuzkoako Federazioak sei neska-mutil deitu ditu Pazko astean Cambrilsen kontzentratzeko, Katalunian. Jokin Rodriguez, Haritz Grijalbo, Irati Valdivia, Amane Mesa, Naroa Elvira eta Nora Capistegi dira hautatuak.