Gaur izango balitz bezala

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ots. 24a, 18:13
Rubito Hijo musikariak emanaldia eskaini du arratsaldean.

Datorren asteko ostegunean izango da Andaluzia eguna, hilak 28. Semblante Andaluz elkarteak bukatzear den asteburu honetan egin ditu ospakizun ekintza gehienak. Semblante Rociero korua izan da protagonista nagusietako bat: 25 urte betetzen ditu aurten

Andaluziarrek datorren asteko ostegunean ospatuko dute autonomia erkidego horren egun handia, hilak 28. Asteguna denez, Semblante Andaluz elkarteko kideek nahiago izan dute bukatzear den asteburua aprobetxatu eta ekintza nagusiak ospatu. Esate baterako, Semblante Rociero korua sortu zeneko 25. urteurrena. Elkartearen egoitzan bazkaldu eta gero emanalditxo bat eskaini dute, eta urtemuga berezi hori ospatzeko konposatutako abesti bat jendartean aurrenekoz kantatu; koruaren ibilbidea errepasatuz idatzi dute letra.

Eguerdian ere abestu du Semblante Rocierok, Arantzazuko Ama elizan Ramon Uribe-Etxebarria apaizak gidatutako mezan. Bukatutakoan, parrokia alboko plazan dantzatu eta kantatu dute. Bazkaltzera joan dira gero, Atsobakar auzoko egoitzara.

Congosto herriarekin harreman berezia

Semblante Andaluzeko kideek harreman berezia daukate Congostoko (Burgos) biztanleekin. Duela zenbait urte ezagutu zuten elkar. Burgosko herri hori oso txikia da, biztanle gutxi ditu, baina lanerako gogo asko. Eliza berritzen ari dira. Semblanteko hainbat kide joan ohi dira urtero-urtero hara, ekainaren 29an, San Pedro egunez. Lasarte-Oriako jaiak izanik ere, bi autobus bete ohi dituzte. Gaur are gehiago sendotu dute harreman estu hori. Semblante Andaluzek diru-laguntza bat jaso du berriki, koruak 25 urte betetzen dituela-eta. Talde horretako kideek erabaki dute diru hori Congostori ematea, ia 1.700 euro, eliza berritzeko lanekin jarraitzeko. Jose Mari eta Anita Ruiz Perez neba-arrebak etorri dira Burgostik gaur, bazkaltzera eta diru-laguntza jasotzera. Hunkituta zeuden.

Ez zen inor gehiago kabitzen gaur Semblante Andaluzen egoitzan. Bazkideak, udal ordezkariak eta kazetariak eseri dira mahaien bueltan. Portugaleteko Sukalde katering enpresa arduratu da otorduaz: marisko entsalada hotza, foie gras tostadekin, urdaiazpikoa eta txorizoa hasteko; gero, txanpinoiak hirugiharrarekin; legatza saltsan edo txerri-masailak aukeran; eta, postrerako, tarta. 

Flamenko erakustaldia eskaini du arratsaldean Rubito Hijo musikariak. Ordubete inguruz dantzan eta txaloka jarri ditu ikus-entzuleak. Datorren ostegunean jarraituko dute ospakizunek: ohorezko ardoarekin egingo dute topa Semblanteko kideek eta udal ordezkariek. Elkarteak zuzendaritza aldatuko du, eta zenbait kide berri izendatuko.

Erlazionatuak

Andaluzia eguna 2019

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ots 24 Kultura