Suak garbitu du Lasarte-Oria. Kaxkamalo, xomorroak eta gaitz guztiak erre dituzte garrek, eta errauts bihurtu. Euskal Inauteriak ospatu dituzte herritarrek, eguraldi ezin hobea lagun. Zubietarrekin batera aritu dira kantuan eta dantzan arratsalde osoan. Goizean, hainbat txantxo puska bila aritu dira herriko zenbait elkartetan. Datorren asteko larunbaterako motorrak bero-bero dituzte.
Gosetuta zeuden txantxoak goizean. Kantuan ibili ostean, puska bila joan dira herriko zenbait elkartetara: Arrieskalleta, Ttakunenea, Udaberri... Hamaiketakoa egin eta kantuan jarraitzeko indarrak hartu dituzte. Patata tortila, saltxitxak, gazta, txangurroa, urdaiazpikoa... Bapo bete dituzte sabelak. Eztarria freskatzeko berriz, sagardoa eta ura. Ederki pasa dute goiza.
Zubietatik Lasarte-Oriara
Arratsaldekoak izan ziren Ttakun KEk prestatutako egitarauko ekintza garrantzitsuenak. Urtero bezala, zubietarrekin batera aritu ziren kantuan eta dantzan. Zubietako frontoi parean hasi zen kalejira, 16:30ean. Hipodromo etorbidera iristen ari zirela handitu zen txantxo koadrila: herritar ugari zain zituzten han zubietarrek.
Etorbidera iritsi direnean, bost lagun azaldu dira, ezustean, guardia zibilez jantzita. 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saiakeratik 38 urte bete ziren atzo, eta gertakari hura parodiatu zuten. Zubietatik etorritako xomorroekin ere ituna berritu zuten: 50 urrezko dukatu, hamar zato ardo, hogei kilo gari, hamabost kilo arto, 30 kilo sagar, 80 odolki eta lukainka, hogei botila sagardo eta goizeko puska biltzean jasotakoa uztak, abereak eta lasarteoriatarrak errespetatzearen truke.
Akordioa lortu eta gero, guztiek batera ospatu dute Okendo plazara arte dantza eginez. Tttirriki Ttarraka taldeko musikariek girotu dute arratsaldea. Kaxkamalo sutan erretzeko beharrezko materiala prestatu bitartean, arin-arinak eta fandangoak dantzatu dituzte txantxoek. Eguzkia ezkutatu zenean iritsi zitzaion ordua xomorro bihurriari. Txantxoek, mamoxarroek eta euskal dantza sorkuntza taldeko gazteek eman zioten su, eta errauts bihurtu. Gaitzez garbi dago herria datorren urtera arte.