Herritarren eskura baratze ekologikoak jartzeko proiektua martxan du udalak, eta espero du aurten burutzea prozesua. Joan den ostiralean sinatu zuten Jesus Zaballos alkateak eta Kutxa Fundazioa Ekoguneko Ander Aizpuruak elkarlanerako hitzarmena. Modu horretan, 58 baratze utziko dituzte herritarren esku, 30 metro koadrokoak; horietatik bi izango dira mugitzeko arazoak dituztenentzat.
Udalbatzarrak onartua du baratze ekologikoak sortzea udalaren lurretan. Barne araudia idazten ari dira, eta oraindik aurkezteko dute lurrak adjudikatzeko sistema. Parte hartze prozesua abiatu zuten, barne araudiaren inguruan herritarren ekarpenak jasotzeko. "Bi pertsonek egin dituzte proposamenak, eta saiatuko gara kontuan edukitzea", adierazi du Zaballosek.
Ingurumeneko batzordera eramango dute gaia, eta udalbatzarretik pasako da ondoren. Ekimenak arrakasta badu, bigarren faseab 33 baratze gehiago ezarriko dituzte. Hitzarmena sinatuta, lanak berehala hasiko dira. Martxoan nahi diete herritarrei aurkeztu, eta adjudikazio prozesua egin apirila maiatza bitartean. Horrela, ekainerako erabilgarri leudeke baratzeak.
Proiektuaren sustatzaileek argi utzi dute: erabilera pertsonalerako dira baratzak, autokontsumorako. Alegia, debekatuta dago bertan hazitako produktuak saltzea.
Kutxa Fundazioak 2013. urtean jarri zuen martxan Baratzeen Parke Sarea. Lasarte-Oriarekin 22 udalerri atxiki dira Gipuzkoan. "Kutxa Ekogunea bidez jasangarritasuna bultzatzea dugu helburu, kontzientziaziotik ekintzetara igarotzeko", azaldu du erakundeko ordezkari Aizpuruak.
Furgobaratza
Baratzean lan egingo dutenek izango dute zerbitzu berezi bat: Furgobaratza. "Laguntza teknikoa emango diete. Furgoneta batean joango da tekniko bat, eta familiei azalpenak eman, eta behar dutena irakatsiko die. Gainera, behar duten haziak eta landareak emango dizkiete", esan du Aizpuruak.
Jasangarritasuna bultzatu, eta komunitate bat sortzea bilatzen du Ekoguneak, erabiltzaileek esperientziak eta lantresnak partekatu ditzaten. "Baratzerako behar duten tresnak uzten dizkiegu, denak erabili ditzaten". Are gehiago, komunitateen arteko harremana sustatzen dute. "Zenbat eta komunitate sare handiagoa izan, jasangarritasuna lortzeko helburua errazago beteko da".