Semblante Andaluz elkarteak Andaluzia Erkidegoko Eguna ospatzeko adin guztietarako ekitaldiak antolatu ditu larunbaterako eta iganderako. Otsailaren 28an, Andaluzia Erkidegoko Egunean ere, ohorezko ardoarekin topa egingo dute.
XXVI. edizioko egitarauari hasiera emateko, haurren eguna egingo dute, bihar, larunbatean, 17:00etatik aurrera. Besteak beste, aurpegia margotzeko tailerra eta ipuin kontalaria izango dira. Elkarteko Duende dantza taldeak ere emanaldia eskainiko du. Arratsalde pasa hori amaitzeko, askariaz gozatzeko aukera izango dute haur guztiek.
Igandean, berriz, egun osoan, aurtengo ospakizuneko ekintza nagusiak egingo dituzte. Meza rocieroa izango da eguneko lehena. Semblante Rociero taldeak Arantzazuko Ama Birjinaren elizako 12:00etako meza girotuko du.
Andaluzia Erkidegoko jaki gozoak dastatzeko aukera ere izango da. Hain zuzen ere, 14:00etatik aurrera, Semblante Andaluz elkartean herri bazkaria antolatu dute.
Bazkal ostean, 17:00etan, elkartean biltzen diren bazkide eta elkarteko lagunek abesti flamenkoak entzungo dituzte. Elkarteko oholtzan, Rubito Hijo eta Antonio Caceres izango dira.
Andaluzia Eguna
Ekitaldiekin amaitzeko, otsailaren 28an, ostegunean, bazkideei eta gonbidatuei ohorezko ardoa eta jatekoa eskainiko dizkiete elkartean. Musikaz girotuko dute ekitaldia.
Halaber, egun horretan, elkarteko zuzendaritza talde berria aurkeztuko dute, eta haien eginkizunen kargu hartuko dute.