Gatazken ebazpena ikastaroa eskainiko dute Manuel Lekuona kultur etxean. Ostegunero, 18:00etatik 21:00etara, martxoaren 14tik apirilaren 11ra izango dira saioak. Elkarbizitza gaietan aditua den Juanjo Gomezek zuzenduko ditu saioak.
Tailer honetan pertsonen arteko harremanak eta elkarbizitza landuko dituzte. Horretarako, taldeen alde positiboak eta negatiboak eta gatazken nondik norako aztertuko dituzte. Halaber, elkarbizitzarako eta gaztazkei irtenbide baketsua emateko tresnak eskainiko dituzte.
Kontzeptuak rol jokoen, jolas kooperatiboen eta elkabizitza dinamiken bitartez landuko dituzte. Ikastaroan erabiliko den hizkuntza ikasleen euskara mailaren araberakoa izango da. Izen ematea otsailaren 25etik martxoaren 5era bitartean egingo dute Manuel Lekuona kultur etxeko bulegoan, 9:00etatik 13:00etara.
Parte hartu nahi duten herritarrek 28,50 euro ordaindu behar dituzte, betiere, Lasarte-Orian erroldatuak badaude. Herrian erroldatuak ez dauden pertsonentzat ikastaroaren prezioa 47,50 eurokoa da.
Ikastaroa Danok Kide elkarteak antolatu du eta Udalak sustatzen duen Ikastaro irekiak 5+1 ekimenean dago txertatua.