Podiumera jauzi egin nahi du Furundarenak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 19a, 16:19

Naroa Furundarena luzera saltoko onena izan da Euskadiko Txapelketa absolutuan. 20 urte azpiko kategorian garaipena errepikatzen ahaleginduko da asteburuan, baina Espainiako Txapelketa du buruan. Martxo hasieran jokatuko dute Madrilen

Sasoi betean da Naroa Furundarena. Pistako azken txapelketetan lehen postuetan dabil lasarteoriarra, emaitza onak lortuta. Hain zuzen ere, jauzi hirukoitzeko bere marka hobetzea lortu du hilabete hasieran Euskadiko txapelketan. Iazko 11,49m-ak atzean utzi. eta 11,87m salto egin du. Asteburuan, 20 urte azpiko erkidegoko txapelketan emaitza onak errepikatzen ahaleginduko da. Edonola, Espainiako Txapelketa du orain jomugan.
Martxoaren 2-3an jokatuko dute Madrilen. Hiru kosketako batera igotzea zail badu ere, haietatik gertu egon nahi du. LOKEko atleta luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean lehiatuko da. Bere mailako zortzi onenen artean sartzea helburu du gazteak, eta Oscar Goikoetxea entrenatzaileak itxaropen hori du. "Podiumera igotzea zaila du, maila handia baita; baina gertu egon daiteke. Bere marka pixka bat hobetzen badu, lor dezake". Hau da, 12m-ra gehiago hurbildu beharko da, eta horrek, lehen boskotera eraman dezake.
Bi aste barru zer gertatuko den ikusteke dago; baina onenean heltzeko egin dute prestaketa. Azken emaitzek hala dela erakusten dute. Gipuzkoako absolutuan domina bana eskuratu zuen bi probetan. "Atseden hartzeko", pasa den asteburuan, 20 urte azpiko lurraldeko txapelketan 200m lasterketan parte hartu zuen. Hala ere. bigarren amaitu, eta segundo erdi hobetu zuen bere marka. "Sasoi betean dago".
Bihar Estatuko lehiaketaren aurreko azken saioa izango du. Izan ere, kadete, junior eta jubenilen Euskadiko lehiaketak jokatuko baitituzte Donostian. Bide onean jarraitzen duela erakutsi eta podiumera igotzeko aukera berri bat Goikoetxearen ustez. "Irabazteko aukera asko ditu, domina ia ziur eskuratuko du, ez bada ezer gertatzen".


Gonzalez, jubeniletan garaile
Furundarenarekin batera, Antonio Elortza Belodromoan LOKEko beste kide batzuk ere lehiatuko dira. Besteak beste, maila ona erakusten ari den beste lasarteoriar bat: Enara Gonzalez da. Gipuzkoako txapelketan jubenil mailan luzera jauzian onena izan zen. 5,40m-ko saltoak garaipena eta Espainiako txapelketarako txartela eman dizkio. Izan ere, 5,30m-ko gutxieneko marka gainditu baitzuen. Hortaz, Estatuko hamabi onenen artean egongo da martxoaren 9-10ean Valentzian.
Goikoetxea pozik dago ere Lurraldeko lehiaketan parte hartu zuten beste lasarteoriar batzuen errendimenduarekin; Leire Centeno, Nerea Eizagirre eta Nahia Surutusa. Azken biak pisua eta 60m lasterketan aritu ziren, goiko postuetatik nahiko urruti. Centenok, aldiz, brontzezko domina lortu zuen 800m lasterketan, 2:41' denborarekin. "Meritua du, serio entrenatzen duen lehen urtea baita. Ahaleginak emaitza izan duela ikusi du".