Txerrikiak, jateko prest

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko otsailaren 16a

Txorizo ugari prestatu zituzten Extremadura etxean elkartutakoek.

Lasarte-Oriako Extremadura etxea txerria hiltzearen jaia ospatzen ari da. Txorizo, odolki eta hirugihar artean pasa dute asteburua. Karaokean ere abestu dute, giro ederrean

Txorizo, odolki eta hirugiharrez beteta daude Lasarte-Oriako Extremadura etxeko hozkailuak. Laugarren urtez, txerria hiltzearen jaia ospatu dute. Atzo arratsaldean 110 kilo inguruko animalia bat eraman zuten Berrobiko hiltegira. Angel Barrera, Alejandro Fernandez, Martin Muñoz eta Francisco Pozas herritarrak aritu ziren aizto eta aizkorekin. Gaur goizean ekarri dute txerriaren haragia, hainbat produktu egiteko. Dozenaka pertsona elkartu dira Sasoeta auzoko egoitzan, Jesus Zaballos alkatea eta PSE-EEko hainbat zinegotzi barne. 

Hestebeteak egin bitartean Extremadurako migak eta hirugihar frijitua dastatu dituzte sukaldariek. Eguraldi zoragarria lagun, egoitzako terrazan egin dute lan. Goizean erabilitako indarrak bazkari legea eginez berreskuratu dituzte: garbantzuak sakramentuekin. Digestioa ongi egiteko, karaokean abestera animatu da jatun bat baino gehiago. Gauean ere bapo beteko dituzte urdailak. Haragia erreko dute parrillan.

Bihar jarraitzen du egitarauak. Perrunillak, salda eta pattarra dastatuko dituzte. Bazkaria ere egingo dute. Menua, honako hau: urdaiazpiko errea eta tarta. 

Argazki galeria