Beste mundu bateko bertso afaria

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ots. 17a, 13:59

Ez zen inor gehiago kabitzen Xirimiri elkartean atzo gauean.

Bertso afari literarioa egin du Irakurle Txokoak, bosgarren urtez. Lepo bete da Xirimiri elkartea Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbioren koplez gozatzeko. Oier Guillan idazle eta antzerkigileak jarri ditu gaiak. Lehertzeraino egin dute barre eta txalo ikus-entzuleek

Heriotza bideoklub bat da. Pertsona bakoitzak dauka berea, apal mordo batekin. Bizipenak, oroitzapenak, objektuak eta beste hamaika gauza daude horietan. Aurkeztu egingo naiz, irakurle: mediuma naiz, eta Mintzolak emandako beka bati esker mediumgintzaren gida aplikatua egiten ari naiz. Oso pozik nago, nire teoria guztiak frogatu direlako Irakurle Txokoak antolatutako bertso afari literarioan. Batez ere, frogatu dudalako bertsolariek Masailarekin hitz egiten dutela. Mediuma naizenez, gai naiz beste mundu batzuetako pertsona eta objektuekin hitz egin eta gurera ekartzeko. Nire barruan dago Oier Guillan idazlearen pertsonalitatea, eta atzo gauean saioa kubritzera joan zen kazetariarena, besteak beste. Utzi egingo diot irteten, kronika hau idazten bukatzeko, bederen. Nekatuegi nago idazten jarraitzeko: zeinen zaila den gai-jartzaile izatea! 

Jendez lepo zegoen Xirimiri elkartea. Bapo afaldu zuten ikus-entzuleek: hummusa, krepeak, legatza labean patatekin, pantxineta eta kafea. Digestioa egiteko gintonika eta antzeko konbinatuak hartu zituzten batzuek. Kontrako eztarritik joan zitzaion bati baino gehiagori, eta ez zen izan kargatuegia zegoelako. Lehertzeraino egin zuten barre Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolarien koplekin eta Oier Guillan gai-jartzailearen ateraldiekin. 

Guillanek aitortu zuen urduri zegoela, ez zegoela ohituta bertso saioetako gaiak jartzen. Nabaritu zen: etxean prestatutako gidoia irakurtzen hasterakoan, konturatu zen okerreko kopia eraman zuela Xirimirira. Ikus-entzuleei barkamena eskatu, eta paperen bila joan bitartean minutu bana eman zien bertsolariei "deskolokeari" buruz kopletan aritzeko. Hanka-sartzea zirudiena gai-jartzailearen amarrua izan zen, ordea: tartetxo hori aprobetxatu zuen mediumez mozorrotu eta Xirimiri hankaz gora jartzeko.

Iragana, oraina eta etorkizuna

Hiru rol horiek hartu behar izan zituzten Labakak, Alberdik eta Lujanbiok, hurrenez hurren. Iraganak galdera bat egin behar zion orainari; azken horrek, etorkizunari; eta, etorkizunak, iraganari. Jolas eder eta aldrebesa planteatu zien medium bihurriak, eta ederki aritu ziren hiru bertsolariak. Hurrengo tartean Alberdi eta Lujanbio aritu ziren. Gaia jartzen ari zela, Agurtzane andereñoa hel egin zuen mediumak. Gaztetxoa zela, EGB garaian, matematikak irakatsi zizkion Agurtzanek. Oinazea besterik ez du ezagutzen haren arimak azkenaldian, ez dakielako zer den normala eta zer ez. Galdera horri erantzuna topatzen lagundu zioten elgoibartarrak eta hernaniarrak.

Mediumaren ustez, pertsona bat hiltzen denean, bere gorputz atalak desagertuz joaten dira pertsona horren ahaide eta lagunek ahazten dituzten heinean. Hori gertatu zaio, adibidez, Ernesto Che Guevara iraultzaileari. Mundu guztia bere buru eta aurpegiaz gogoratzen da soilik, kamisetetan atal horiek besterik agertzen ez direlako, batez ere. Ane Labakari tokatu zitzaion Che Guevararen papera egitea. Uxue Alberdi, berriz, izenik gabeko panpin bat zen. 

Mediumak pertsonalitate gehiago ekarri zituen Xirimirira. Esate baterako, Denis eta Itxaso. Edo Denis Itxaso? Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuaren twitter kontua arakatu, eta pare bat txio irakurri ostean bota zuen gaia mediumak: zer gertatu da 2019. eta 2050. urteen artean, kultura eguneroko bizitzaren ardatza izateko?

Miss Karaoke

Mediuma gai da hildako pertsonekin hitz egiteko, eta objektuekin ere bai. Hoteleko harrera guneetan egoten diren tinbreetako bat, 20. hamarkadako egurrezko makulu bat eta boxeoan aritzeko eskularru parea etorri ziren Xirimirira. Hiru gauzen rolak hartuta egin behar izan zuten bertsotan Labakak, Lujanbiok eta Alberdik, ikus-entzuleen gozamenerako. 

Saioko gai onena Miss Karaoke pertsonaiarena izan zen ziur aski. Bakarrizketa bikaina egin zuen Guillanek ikus-entzuleak kontestuan jartzeko. Ebento handi batean abestu behar zuen Miss Karaokek, baina ez zekien zein aukeratu. Galdera hori egin zien ikus-entzuleei ere: "Zein abesti aukeratuko zenukete karaoke batean abesteko?". Lotsarengatik akaso, edo inspiratuta ez zeudelako, baina inork ez zuen kanturik proposatu, eta mediumak aukeratu zituen. "Garai bateko tabernetan egon ohi zen abesti makina horietako bateko hiru abesti zaudete. Trabatuta zaudete hor barruan. Bat-batean, bezero bat sartu, txanpona hartu eta makinara dator, zuetako bat aukeratzera". Abestiak ez ziren nolanahikoak: Rafaella Carra italiarraren Hay que venir al sur, Hertzainaken Aitormena eta duela zenbait urte Operacion Triunfo irabazi zuen Rosa Lopezen Europe is living a celebration.

Eta horrela bukatu zen bertso saioa, kopla eta barre artean. Txalo zaparrada luzea eskainiz saritu zuten ikus-entzuleek lau protagonisten lana. 

Asteartean, Iñigo Aranbarri

Irakurle Txokoko kideak asteartean elkartuko dira, hilak 19. 18:30ean hasiko da saioa. Ttakunenea elkartean. Iñigo Aranbarri idazlea gonbidatu dute. Munduko tokirik ederrena ipuin bilduma aztertuko dute. Martxoaren 12an, berriz, Harkaitz Cano lasarteoriatarra etorriko da, Fakirraren ahotsa eleberria aurkeztera.

Argazki galeria

Erlazionatuak

Bertso afari literarioa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ots 17 Kultura