Historia eta musika 33. urteurrenean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ots. 15a, 20:30
Jose Luis Navarro idazlea, liburuari buruzko azalpenak ematen.

1986ko otsailaren 15ean bihurtu zen udalerri Lasarte-Oria. Egun berezi horretatik 33 urte bete dira gaur, eta, ospatzeko, hainbat ekitaldi egin dituzte. 'Retazos III: bide neketsu eta luzea independentziara bidean' liburua aurkeztu du Jose Luis Navarrok. Gero, Inpresionismo garaiko musika piezak jo ditu Duo Nebelek Brigitarren komentuan

1986ko otsailaren 15ean sinatu zuten akta Lasarte-Oriako udaletxeko kudeatzaile batzordeko kideek, eta udalerri bilakatu zen herria. 33 urte pasa dira ordutik. Urtemuga berezi hori ospatzeko pare bat ekitaldi egin dituzte gaur arratsaldean. Historia eta musika: Jose Luis Navarro idazleak aurkeztu du Retazos III: bide neketsu eta luzea independentziara bidean liburua, kultur etxean; gero, bukatutakoan, Inpresionismo garaian oinarritutako musika piezak jo ditu Duo Nebel bikoteak, Brigitarren komentuan. Argazki galerian ikus ditzakezue ekitaldiek emandakoa. 

Aktaren sinatzea eta beste hamaika gertakizun eta dokumentu historiko eraman ditu Navarrok paperera. Adibidez, 1868ko La Gloriosa iraultza. Une nahasi horiek aprobetxatuz, Lasartek erabaki zuen herri independentea zela aldarrikatzea, Hernani eta Urnietarengandik bananduta. Ez zuen asko iraun: handik hilabetera baliogabetu zuten aldarrikapena agintariek, nahiz eta "biztanle gehienek" erabaki independente izatea, Navarrok adierazi duenez. 

XIX. mende amaierako eta XX.eko dokumentu gehienek jasotzen dute lasartearren haserrea; salatzen zuten herria "erabat utzita" zegoela. Adibide batzuk eman ditu idazleak: "Kaleetan ez zegoen farolarik eta herritarrek ez zeukaten mediku propiorik: sendagilea iristen zenerako gaixo bat baino gehiago hilda zegoen". Egoera hori tarteko, herritarren aldarriak gero eta ozenagoak ziren: herri independente izatea zen alternatiba bakarra. 1986ko otsailaren 15ean gertatu zen hori. Udaletxeko kudeatzaile batzordea Brigitarren komentuan elkartu zen, akta sinatzeko eta estatus aldaketa ofizial egiteko. Historiari so, erabaki zuten Lasarte-Oria izena jartzea herriari.

"Laugarren zatirik egongo al da?"

Hori izan da Jesus Zaballos alkateak Navarrori egin dion galdera, aurkezpena bukatu eta berehala. "Dokumentu asko dago, informazio ugari, baina lan hori gazteagoak diren herritar formatu eta ikasiek egin beharko lukete, edo, bestela, Txemak [Valles, Diario Vasco egunkariko korrespontsala gure herrian]", erantzun du idazleak. Alkateak eskerrak eman dizkio Retazos III idazteagatik: "Zure denbora librean idatzi duzu liburua, Jose Luis [Navarro]; finean, familiari eskaini ez diozun denbora izan da hori. Eskerrik asko gure herriaren historia landu eta zure lanetan jasotzeagatik". Navarrok 2010ean idatzi zuen lehenengo zatia, eta 2016an bigarrena.

Lasarte-Oriako Udaleko Kultura batzordeak hainbat kopia banatu ditu ikus-entzuleen artean. Askok ez dute kultur etxeko hitzaldi aretoa utzi Navarroren sinadura eta dedikatoriarik gabe. "Hau da aurkezpenaren momentu txarrena", aipatu du idazleak, umoretsu.

Claude Debussy gogoan

Kontzertu sinbolikoa izan da iluntzekoa. Izan ere, duela 33 urte, Brigitarren komentuan sinatu zen Lasarte-Oria udalerri izendatzen zuen dokumentua. Danok Kide elkarteak antolatuta, Inpresionismo garaiko musika emanaldia eskaini du Duo Nebel bikoteak. Klarinetearekin aritu da Jose Miguel Martinez Esparza, eta pianoarekin Mercedes Medina Domingo. Esperientzia handiko artistak dira biak. Keinua egin diote udalerriari, eta Lasarte-Oriaren ereserkiaren bertsio ederra jo.

Beste urtemuga baten bueltan prestatu dute kontzertua: duela ehun urte zendu zen Claude Debussy konpositore famatua. Omenalditxoa egin diote bi musikariek. Lepo bete da Brigitarren komentuan, eta nekatu arte egin dute txalo bi musikariek erakutsitako maila ikusita.