Euskal Inauteriek herria alaituko dute otsailaren 23an

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 15a, 15:45

Egun osoko egitaraua izango da. Goizean puska bila aterako dira, eta arratsaldean, kalejira handia izango da

Euskal Inauteriek Lasarte-Oriako kaleak euskal doinu eta dantzekin beteko dituzte, Inauterien aurrekari bezala. Otsailaren 23an, larunbata, egun osoko egitaraua antolatu du Euskal Inauterietako lan taldeak. 
Goizean, txantxoak elkartez elkarte puska bila joango dira. Ibilbidea alaitzeko txistulariak izango dituzte lagun.

Arratsaldean, 16:30ak aldera, Zubietatik aterako da desfilea. Hipodromoko zubian zain izango dituzte Euskal Inauterietako alkatea eta korporazioa harrera egiteko. Senidetze dantza egin ostean, erdiguneko kaleetan zehar, kalejira egingo dute Okendo plazan amaituz. Izurriteak irudikatzen dituen Kaxkamalo erreko da orduan.

Egitarauari amaiera emateko, Tttirriki Ttarrakak erromeria eskainiko du eta txokolate jana dastatuko dute.