Buruntzazpiko gazteak, bikain Kluben kopan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 8a, 10:30
Hirugarren postuan amaitu du junior taldeak txapelketa, nahiz eta azken jardunadia punturik gabe hasi. Era berean, Jaime Romerok Bio Racer Challengeko garaikurra jaso du junior mailan; kadeteetan, berriz, Haimar Etxeberria hirugarren izan da

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek Kluben kopako azken jardunaldia lehiatu zuten igandean, pistako denboraldiari amaiera eman baino lehen. Antonio Elorza belodromoan jokatutako saio horretan podiumeko hirugarren koskan bukatu du taldeak, bigarrenetik oso gertu.

Buruntzazpi eskolak junior mailan lehiatu du aurten, eta taldea osatzeko kadete mailako gazteen laguntza izan dute, Eugenio Pozok Buruntzazpiko entrenatzaileak azaldu duenez. 
Kopako lehen jardunaldian Buruntzazpi eskolako kideek ezin izan zuten parte hartu. Beraz, bigarren honetan punturik gabe hasi dira gazteak. 

Banakako lau proba egin dituzte: handicap, tempo, kanporaketa eta keirin. Taldeka, berriz, bi: abiadura eta jarraipena. Bi proba horietan, Buruntzazpi lehen postuan izan da. 

Lasterketetan metatutako puntuei esker, 50 batu dituzte, eta hirugarren talde onenaren garaikurra jaso dute. Bigarren postuan Bizkaia taldea izan da, Buruntzazpitik puntu batera. Garailea Donostia Berri A taldea izan da, 58 punturekin.

Kluben koparekin batera, Gipuzkoako Bio Racer Challengeko sariak ere banatu dituzte.

Romero, Challengen garaile

Bederatzi jardunaldi osatu dituzte aurtengo Challengean, eta Buruntzazpiko Jaime Romero juniorrak lehen egunetik eutsi dio sailkapeneko lehen postuari. Maila berean, Asier Pozo laugarren izan da. Kadete mailan, berriz, Haimar Etxeberriak hirugarren postuko garaikurra jaso du. 

Asteburu honetan, Haimar Etxeberria, Beñat Carbayeda, Jaime Romero eta Asier Pozo Galapagarren, Madrilen, izango dira, Euskadiko selekzioarekin lehian. Pistako estatuko kopako bigarren saioa da.