Asteburu honetan ere derbia dago Anoetan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko otsailaren 9a

Realak eta Athleticek igande goizean neurtuko dituzte indarrak, 11:30etik aurrera. Iazko arrakasta ikusita, Donostiako estadioan jokatuko dute berriro. Bosgarren dira bilbotarrak, 34 punturekin; sei gutxiago dituzte txuri-urdinek. Biak daude kopa postuetan orain

Reala-Athletic. Iberdrola ligan ikus daitekeen norgehiagoka erakargarrienetako bat. Igandean neurtuko dituzte indarrak bi taldeek, Anoetan, 11:30ean. Obretan dago estadioa orain; futbolariek askoz gertuago sentitzen dituzte ikusleen animoak aurten. Jokalariek eta klubek espero dute harmailak betetzea, iaz bezala; 21.500 bat zale joan ziren orduan. Txuri-urdinek 1-4 galdu bazuten ere, festa erraldoia izan zen maiatzeko egun euritsu hartakoa.

Motibazioz gainezka daude donostiarrak. Hain justu, kopako finalerdiak jokatuko dituzte Sevillaren aurka. Zortea lagun izan dutela oraingoan; izan ere, Bartzelona eta Atletico Madril saihestea lortu dute, txapelketako bi talderik indartsuenak. Gainera, Andaluziako taldea bolada kaskarrean da; elkarren arteko aurreko norgehiagokak poltsikoratu dituzte donostiarrek. Partida bakarrera jokatuko da finalerdia, Donostian, hilaren 17an. 

Modu horretan, bigarren aldiz iritsiko da Reala kopako finalerdietara. Azken aldia 2011n izan zen. Bartzelonaren aurka galdu zuen orduan, 0-2. Ordu hartan Iraia Iparragirrek ez zuen jokatzen Realean. 
Kopan emaitza onak kateatu ditu Realak. Azken kanporaketan Rayo Vallecano jaso zuen Zubietan. Askoz ere gehiago izan zen zelaian, hasi eta buka, eta 4-0 irabazi zuen, finalerdietan aritzeko txarteletako bat lortuta. 

Edonola ere, aurretik euskal derbia jokatu beharra dute Realeko futbolariek. Bi taldeak sasoi betean daude orain. Gonzalo Arconadak entrenatzen duen taldea bikain hasi zen ligan, Bartzelona eta Atletico Madrilekin lehian. Jardunaldiak pasatu ahala, ordea, emaitza txar batzuk kateatu eta sailkapenaren erdialdean geratu ziren. Azken jardunaldietan buelta eman diote dinamika negatibo horri, eta seigarren postuan dira orain, 28 punturekin. Hain justu, Sevillaren aurka lortu zituzten azkeneko hirurak, joan den asteburuan. 0-2 irabazi zuen Realak. Nahikari Garciak eta Kiana Palaciosek sartu zituzten golak. Iparragirre lasarteoriatarra hasieratik aritu zen. Baliteke igandean ere hamaikakoan egotea, denboraldi honetan minutu asko jokatu baititu. Iazko derbian ere titularra izan zen.

Txuri-urdinek baino sei puntu gehiago dauzka zakuan Athleticek, eta bosgarren postuan dago, Reala bezala, koparako sailkatuta, momentuz. Oso motibatuta iritsiko da Anoetara, laugarren postuari hozka egiteko asmoz; puntu bakarrera baitago Betis. Urrunago dago Levante, 43 punturekin. Bartzelona eta Atletico Madril, berriz, beste planeta batean. Ezusteko ikaragarririk ezean, bietako batek irabaziko du Iberdrola liga. 

Bi derbi zortzi egunetan 

Duela zortzi egun Santander Ligako derbia jokatu zuten Realak eta Athleticek Anoetan. Etxekoek irabazi zuten, 2-1, Oiartzabal eta Willian Joseren golei esker. Raul Garciak urduri jarri zituen realzaleak, berak jaurtitako penaltiaren aldaratzea sareetara bidaltzean 80. minutuan. Ezin izan zuten berdinketaren gola sartu, ordea.

Igandeko derbia izango da Donostiako estadioan jokatuko den bigarrena. Bi sekulako partida zortzi egunetan. Zaleak ari dira erantzuten, eta espero da iazko asistentzia zifretara iristea edo gainditzea. Bistan da emakumeen futbolak gero eta interes gehiago pizten duela kirolzaleengan. Adibide bat jartzearren, duela astebete 48.000 pertsona joan ziren San Mamesera, Athleticen eta Atletico Madrilen arteko neurketa ikustera. Espainiako Kopako partida izan zen, final laurdenetakoa. Madrildarrek irabazi zuten, 0-2.