Hizkuntza moldatu, gizartea aldatzeko

Gorka Alvarez 2019ko ots. 8a, 11:00
Argi daukat. Hizkuntzak gizarte batean duen eragina izugarria da. Hizkuntza desberdinen arau, hitz, esaldi, esamolde eta abarrek gizarte mota bati buruzko informazio nahikoa zehatza ematen digute

Argi daukat. Hizkuntzak gizarte batean duen eragina izugarria da. Hizkuntza desberdinen arau, hitz, esaldi, esamolde eta abarrek gizarte mota bati buruzko informazio nahikoa zehatza ematen digute.
Hizkuntzak elementu bizia behar du ezinbestean. Malgua, etengabeko eraldaketan dagoena, garaietara egokitzen dena. Gizarteak eta hizkuntzak jakina den erlazio zuzena daukate; ez berezkoa duten lotura kultural soila. Jendarteak izan ohi dituen ohitura, jarrera eta jokabideen giltzarri delakoan nago.

Hizkuntzaren bidez komunikatzen gara, informazioa jasotzen dugu, iritziak plazaratzen ditugu eta neurri handi batean haren erabilerak eramaten gaitu askotan hainbat gaitan hausnartzera. Batzuetan erabilera gramatikal hutsa izan daiteke jomuga. Beste batzuetan, ordea, erabilera egoki bat egiteko hitzak neurtu, ongi josi eta hausnartu egin beharko ditugu. Erabilgarriak eta aldakorrak diren hizkuntzek bakarrik egiten dute aurrera arlo sozialean.

Euskara, hizkuntza bizia, gozoa, berezia bezain maitea. Arlo sozialean konprometitua al da? Erabilera egokia ematen ote diogu? Hizkuntzari hiztunok ematen diogun erabileraren baitan izango da hizkuntza hori eredu. Lan asko egiten ari gara azken urte luze hauetan hiztun moduan hizkuntzaren alderdi sozial horren inguruan. Jarrai dezagun gure hizkuntza hitzez, soinuz, hizkiz eta abarrez betetzeaz gain, giza eskubide eta berdintasunez ere betetzen, eta ez dezagun ahantzi, hizkuntza eraldatzaile bat nahi baldin badugu, derrigorrean, izen, adjektibo eta aditz egokiak erabili beharko ditugula lerro, paragrafo eta testuetan.

Eguzki printzak ageri dira. Haur bati Olentzero datorrela esatean "eta Mari Domingi ere" erantzuna jasoko duzulako askotan, ikastetxeetako oharrak "familiei" zuzentzen dizkietelako, generazio berriei kirolari hitzak jada ez dielako "gizonezkoen" irudia soilik ekartzen gogora. Hizkuntza eta bere testuinguru soziala.

Ez dezagun ahantzi, erabilera horretan, gauzak bere izenez izendatzea. Hizkuntzak diskriminatu, bereizi eta bakandu ere egiten duela gogoan izan. Egunero-egunero gure gizartean emakumeak "hil" egiten diren albisteetan bezala, esaterako, "erailak" izan direla esan beharrean. Adibide krudela honakoa, baina hizkuntzaren erabilera zuzenaren pedagogiak ezinbestekoak ditu errealitate zaplasteko gordinak hainbatetan. Izan gaitezen hizkuntzaren erabiltzaile arduratsuak gurekin, albokoarekin eta gizartearekin aurrera joan nahi badugu.