Itsasoaren inguruan hausnarketa sustatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 6a, 18:03
Astelehenean hasiko dute Nazioarteko Itsaspeko Zikloa. Hilaren 11n, 18an eta 25an, 19:00etatik 20:30era, "beste munduak ezagutzeko" gonbita egin dute antolatzaileek. Gaztetxoak ere hurbildu nahi dituzte ekimenera, kutsadurari buruz hausnartu dezaten

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko zikloa egonkortuta dago, ez Donostian bakarrik, baita Lasarte-Orian ere. Aurten 14. aldiz egingo dute herrian; hurrengo hiru astelehenetan, otsailaren 11n, 18an eta 25ean, 19:00etatik 20:30era. Doan dira sarrerak. Urte gorabeheratsu batzuen ondoren, azken edizioetan aretoak bete dituzte ikus-entzuleek. "Itsasoaren kutsadurarekin lotutako arazo larriak direla eta, gero eta lan gehiagok erakusten digute itsasoan dugun zabor kopuru handia. Eta arazo horrek jendea kontzientziatzen eta erakartzen du", azaldu du David Sanchez zikloaren zuzendariak. Real Sociedad futbol taldearen Itsaspeko Ekintzen atalak antolatzen du zinemaldia, 1975. urtetik. 

Ikus-entzunezkoez gain, aurtengo zikloan aurkeztu diren argazkiak ere ikus daitezke. Manuel Lekuonan, datorren astelehenetik hilaren 26ra arte, egongo da zabalik erakusketa, 17:00etatik 21:00etara. 

Ikusita itsasoaren egoera kezkagarria, beste lehiaketa bat hasi dute zikloan, kutsadura eta beste arazoak salatzen dituzten lanak saritzeko. 

Bestalde, gaztetxoak erakartzeko indarrak jarri nahi dituzte, horiek izango baitira etorkizuneko itsasoaren zaintzaileak. Hori dela eta, Txikiziklo abiatu dute. "Helburua da plastikoek eta zaborrek sortzen duten arazoaz hausnartu dezaten". Lehen Hezkuntzako 200 haurrek AZTIko adituen hitzalditxo bat jasoko dute, eta gero eskolan landuko dute gaia. Landaberri ikastolakoekin egingo dute aurte proba, baina epe laburrera begira, antolatzaileek Sasoeta-Zumaburukoekin ere egin nahiko lukete. 

Itsapeko Nazioarteko Zinema "erreferente bat" bilakatu da, Sanchezen hitzetan; mundu osotik jasotzen dituzte lanak. Udalari eta babesleei eskerrak eman dizkie, herritarrei doan  eskaintzeagatik zikloa.