Garai berriekin batera desagertuz doan ohitura zaharra

arkaitz-illarramendi 2006ko urtarrilaren 13a

Euskal Herrian bada desagertzear den bertako espezie bat, autoktonoa; txikiteroez ari naiz. Ziurrenik, gaur egun Euskal Herriko txikiterorik ezagunenak Joxepo eta bere lagun-koadrila izango dira. Baina oraindik ere aurki ditzakegu ETB2ko Vaya semanita programan parodiatzen zuten lagun-taldea bezalakoak edo antzekoak?
Aurkitzekotan, gero eta gutxiago dira urtetan eman den ohitura mantentzen dutenak. Generazio bati atxiki dakioken ohitura al da txikiteoa? Etorkizunean ikusiko al ditugu benetako txikiteroak? Bizitza osasuntsua modan dagoen garai honetan, txikiteoa eta txikiteroak arriskuan al daude? Tabakoarekin gertatu den moduan alkoholarekin ere gauza bera gertatzeko arriskua erreala al da? Errioxako ardoaren produkzioan izango al du eraginik? Martxa honetan babesturiko espezietzat jo beharko ditugu txikiteroak.

Bako eta Canaako ezkontza
Biblian agertzen den pasadizoaren irakurketa erlijiosoan sartu gabe, txikiteroak bedeinkaturiko pertsonak direla esan daiteke. Urez bedeinkaturik egon beharrean, ordea, ardoz bedeinkaturikoak. Nola ulertu bestela, Jainkoak Canaako ezkontzetan eginiko miraria? Zergatik bihurtu zuen ura ardo? Definitiboki, txikiteroek Jainkoaren bedeinkapena dute.
Erromatarrengan ere berebiziko garrantzia hartzen zuen mahatsaren zukuak. Horren adibide da Bako, ardoaren Jainkoa.

Txikiteoaren arlo soziala
Urteetan gizonezkoena izan den ohitura –nekez ikusiko zenituzten emakumeak txikiteoan– galtzear dela esan genezake beldurrik gabe. Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean bizi gara, eta lagun taldearekin kalera atera eta basoerdi batzuk hartuz hainbat kontuetaz solastea modaz pasa omen da.
Osasunari erreparatzen badiogu, medikuek zalantzan jarriko dituzte txikiteoaren onurak; batetik kolesterola, bestetik gibeleko gaitzak... Txikiteoa ez dela jarduerarik osasuntsuena argi dago, baina pertsonen arteko harremanak pizten eta sendotzen dituela ezin dugu zalantzan jarri.
Etxean telebistari so, ordenagailuarekin interneten nabigatzen aritu edo Play Station delakoarekin jolasean ibili beharrean –gehienetan bakarka egin ohi diren jarduerak dira guztiak– txikiteoa sozialki onuragarria dela esatera ausartuko nintzateke. Kalera atera, lagun taldea elkartu eta solasean aritzea ez al da osasuntsua gizabanakoarentzat nahiz gizartearentzat?

Txikiteotik poteora
Mendez aldatzearekin bat, txikiteoa galtzen doan neurrian poteoak bere lekua hartu duela esan daiteke. Oraindik ere badira bazkal zein afal aurretik erronda egin eta Errioxako mahatsaren zukua dastatzen –miresten esatea gehiegizkoa izango da, noski– jarraitzen dutenak, batez ere asteburuetan. Badirudi urteetan ardoak izan duen nagusitasuna kolokan dagoela garagardoaren mesederako.
Garai berriak ditugu eta ohiturak aldatuz doaz. Generazio berriek nahiago dute garagarraren zukua mahatsaren mama goxoa baino. Txikiteotik poteorako trantsizio garaia da. Bizilegea.•