Euren lehenengo CDa kalean ikusteak pozez bete ditu gure protagonistak. "Sinistu ezinik gabiltza. Lan handia egiteaz gain borroka ez da gutxiagorako izan, eta kalean dagoela ikustean sekulako poza sentitzen dugu. Gainera MusikHerria zigiluarekin egin dugu, eta ezin genezake gehiago eskatu. Duela urte batzuk halakorik izango zela pentsatze hutsak..." adierazi digute.
CDak arrera ona izan duela dirudi. Guztira bostehun ale kaleratu dituzte eta guztiak saltzeko asmotan dabiltza. Banaketa gehienbat tabernetan eta gaztetxeetan egin dute.
Txakurrak lanean zer aurkituko dugun jakin nahi izan dugu, eta Javi Mora taldeko bateriak esan digunez, bederatzi abestik osatzen dute. “Kañeroak, potenteak eta erritmo bizikoak dira”.
Diskoak punk ukitu nabarmenak ditu, eta letretan Euskal Herriko egoera islatzen da. “Eguneroko gauzak kontatzen ditugu, gizarteak sortarazten dizkigun sentimenduak azaleratu nahi izan ditugu".
Grabaketa, Pasaian
CDaren grabaketa Pasaiako Ardi Gorri lokal okupatuan egin zuten Valium Generation taldeko Aitorren laguntzarekin. Abestiak astebetean grabatu arren, ia urte bete pasa da diskoa kaleratu arte.
“2005eko urtarrila hasierarako ahotsak eta nahasketak eginak zeuden, baina azala, serigrafia eta berriro nahasketak egiten luzatu ginen. Atzerapenak merezi izan du, oso gustura gaude azken emaitzarekin" kontatu digu Morak.
Diskoa kalean dela, une honetan “promozio kanpainan” sartuak daude buru belarri. MusikHerriak antolaturiko Gaztetxe Bira hastekoa da, eta lasarteoriatarrak bertan izango dira. “Gabon jaiak direla eta birak geldialdi bat izan du, eta momentu honetan esperoan gaude, kontzertuak noiz zehaztuko dizkiguten zain”.
Bitartean, euren kabuz lanean ari dira abesti berriak prestatzen. “Batzuk asmatu ditugu, eta noiz ez dakigun arren, beste disko batekin itzuliko gara. Txakurrak bizirik dago eta lehenengoa kaleratu eta gero gure musika plazaratzen jarraituko dugu” esanaz agurtu da.•