Nola doa aurre denboraldia?
Oso ongi. Elkar ezagutzen dugun harrobiko jokalari dezente gaude eta gainontzekoek ere primeran hartu gaituzte.
Zer moduz Colemanekin?
Oso gustura. Baloiarekin entrenatzea asko gustatzen zaion entrenatzailea da eta jokalariok eskertzen dugu, baloia baitugu gustukoen.
Entrenamenduetan baloi luze gutxi ikusten da.
Colemani behetik jokatzea gustatzen zaio, zentralekin eta alboko jokalariekin. Britaniarra bada ere behetik jokatzea gustatzen zaio.
Harrobiko jokalariekin gustura dagoela esan du.
Ikusitakoagatik eta talde teknikoaren adierazpenen arabera, taldearen planteamendua harrobiko jokalariak aintzat hartzea dela dirudi eta hori ona da guretzat. Guk maila badugula erakusteko lanean dihardugu.
Nolako harremana du entrenatzaileak bigarren taldetik igo zareten jokalariekin?
Oso ona. Etxeko jokalariak kontutan hartu gaitu eta orain gure eginbeharra guztia eman eta entrenatzailea konbenzitzea da.
Holandako kontzentraziora joango zaren esan al dizu Colemanek?
Oraindik ez. Oraingoz gogor entrenatzen ari gara behetik igo garenok eta bertan izatea da gure asmoa baina oraindik ez digu ezer zehatzik esan inori. Holanadako kontzentraziora joateko ilusioz nago baina oraindik ez dakit ezer zehatzik.
Onartuko al zenuke beste talde batera utzita joatea?
Argi daukat dudan adinarekin minutuak jokatzea dela helburua eta hemen izango ez ditudan minutuak eta partidak beste talde batean izango baditut, begi onez ikusiko nuke beste talde batean utzita jokatzea, beti ere, progresatzeko dela uste badut.
Halere, nire lehen asmoa, eta guztiona, lehen taldean geratzea da. Betidanik naiz Real Sociedadekoa eta niretzat talde berezia da. Urte askotan aritu naiz borrokan gora igotzeko eta hori da nire ametsa.•