Abentura eta jolas dibertigarriak Amaraun ludotekan

arkaitz-illarramendi 2007ko irailaren 24a

Amaraun Ludotekak ateak zabaldu ditu eta Ttakuneko aisiako atalak, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz, 07-08 ikasturterako prestatu duen eskaintza eman du aditzera. Ricardo Ortega Euskara Zerbitzuko burua, Aitor Uriarte Ttakuneko kudeatzailea eta Pili Bermejo Amaraun Ludotekako koordinatzailea izan ziren aurkezpen ekitaldian.

Ricardo Ortegak hartu zuen hitza Udaleko ordezkari gisa. Bere hitzetan, “ikastola eta eskola orduz kanpoko jardueren artean, haurrek aisiarako eta jolasteko tartea hartzea garrantzitsua da eta tarte hori euskaraz bada, are hobeto”.
Helburu horrekin, ikasturte berria hastearekin batera, Amaraun Ludotekak ateak zabaldu ditu eta ostiralean eginiko prentsa agerraldian, aurtengo programazioa jakinarazi zuten. Aurtengoan, gainera, hainbat berrikuntzekin datozkigu.
Dagoeneko herriko ikastetxeetan ikusiko zenituzten Amaraun Ludotekako diptikoak. Udako Txokoetan parte hartu duten haurrei eta Amaraungo bazkideei ere postaz iritsiko zitzaizkizuen eta horrela ez bada datozen egunetan jasoko duzu etxean ludotekako eskaintza eta funtzionamendu berriari buruzko informazioa. Halere, lehen eskutik jakin nahi izan dugu ikasturtean zehar ludotekan burutuko dituzten ekintza eta jarduerak eta antolatzaileengana jo dugu.
Pili Bermejo egitasmoko koordinatzaileak argitu digunez, “Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat ordutegi bera izango dugu baina programazio desberdina prestatu dugu, adin tarte bakoitzari egokitua”. Programazioa zehazteko eskatu diogu eta “txikienekin, tailerrak egingo ditugu astelehenetan eta asteazkenetan. Astearte eta ostegunetan, aldiz, jolas desberdinez gain, jostailuak erabiltzen ikasteko saioak antolatu ditugu eta psikomotrizitatea landuko dugu. Lehen Hezkuntzakoekin alderantziz egingo dugu; astelehen eta asteazkenetan jolasak eta astearte eta ostegunetan tailerrak. Azken hauek, gainera, Jostakirola egitasmoa izango dute astelehenetan ordu betez”. Amaraun Ludotekako egitasmoa urrian jarriko dute martxan eta izen ematea Ttakunek Geltoki kalean duen bulegoan egin behar da.

Zerbitzu osagarriak
Amaraun Ludotekan, abentura zoragarriak, ipuinak, txotxongiloak, txalaparta naiz sukaldaritza tailerrak, pista jolasak eta beste ekintza ugariekin gozatzeko aukera izango dute haurrek baina zerbitzu osagarriak ere eskainiko dituzte. Hala nola, jostailuen mailegu zerbitzua, aholkularitza pedagogikoa eta jostailuei buruzko aholkularitza gurasoentzat.
Gainera, haurrek egunero joateko aukera izango dute eta Amaraun Ludotekan izena ematen duten haurrek %10eko beherapena izango dute Gabonetako eta Aste Santuetako Txokoetan. Amaraun Klubeko bazkide egiten direnek, aldizkaria eta ekitaldi guztien berri jasoko dute etxean.

Txokoetako argazkiak
Uztaila eta abuztuan izandako txokoetako argazkien CDa urrian banatuko dute Amaraun Ludotekan bertan. Hortaz, argazkiak jaso nahi dituenak, Ludotekatik pasa behar du astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara.•