huts

rufino-iraola 2007ko ira. 28a, 02:00

Badira une estuak bizitzan. Horietako bat da, ezbairik gabe, artikulua entregatzeko epea iritsi eta zer esan ez dakizula aurkitzea. Horrelakoetan, bakoitzak bere estrategiak ditugu. Nik, beti, irailari buruz idazten dut; ez dakizue zeinen errekurtso emankorra den, nahiz eta betiko topikoez mintzatu.
Aurten adibidez, oso koartada polita daukat. Has naiteke esanez, poesia-kutsuko prosan, "irailak itzuli nau neure larrera, gaixoaldiari baimena eskatu ostean, eta zaharrak berri ostera ere, larre horretan iazko lore berekin egin baitut topo, kasu batean baino gehiagotan, nahiz eta lore berriak ere erne diren".
Erraza da irailaren gainean idaztea, esate baterako, ikasturte berriaren hasiera aipatuz. Era berean, ez da zaila, baserritarrontzat, arbola inausi eta soilduei edo orbelari buruz idaztea, udazkena erromatizismoaren sinbolo bihurturik.
Aurten, besterik bururatu ez balitzait, esango nuen irailaren 13an bete direla 50 urte Arantzazura joan nintzela. Baina baneukan beste alternatiba bat ere; adibidez, irailaren 10ean bete direla 21 urte Yoyes hil zutela, edo nire adiskide handi bat mendian hil zela.
Badut beste hizpide bat ere: txikitan, arratsaldean garotan pasatu ondoren, zeinen polita ilunabarrean afari-merienda egitea sardina zaharrekin. Enfin, irailaren abantailak dira.