Zuzendaritzak aditzera emandako planaren aurka agertu da Michelin-Lasarteko Enpresa Batzordea, beste arrazoiren artean, “ekoizpenaren oinarri den Turismoa deuseztatzen duelako eta fabrikaren erdia suntsitzen duelako, faktoriaren etorkizuna zalantzan utziaz”. Guzti horregatik eta asteazkeneko agerraldian azaldutako beste arrazoi batzuengatik, “plan hau alde batera utzi eta lan bolumena zein lanpostuak mantenduko dituen plan berri bat eskatzen diogu Enpresa Zuzendaritzari” adierazi dute. Aldi berean, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Udalei, “lurra ez berkalifikatzeko” eskatu die.
Enpresak aditzera eman eta hartu nahi dituen neurriak “ez dira egoera ekonomiko txarraren emaitza. Testuinguru orokor batean ulertu behar dira Zuzendaritzaren jarrera, hots, mundu mailan hartzen ari den estrategiaren baitan ulertu behar da. Europa mendebaldetik ekialdera eta Asiara eraman nahi du produkzioa” diote.
Ildo beretik, “Frantzian dagoen 900 langiletako fabrika bat itxi eta Lasarte-Oriako faktoria erdira murriztera doala eman dute aditzera. Hortaz, enpresaren deslokalizazio estrategia baten baitan ulertu behar da aurrera eraman nahi duen plana” jarraitu dute.
800 lanpostu gutxiago
Gogora dezagun, enpresak emandako datuen arabera, 530 soberakin dituela Lasarte-Oriako faktorian. Horietatik 366 aurre-jubilazio sistema bidez kaleratuko lituzke, gainontzeko 164 langileekin zer eta nola egingo duen zehaztu ez duelarik. Komitearen susmoa da, “Michelinek aurrez egin izan duen antzera, leku aldaketak edo baja inzentibatuak” eragingo dituela. Azpikontrata bidez enpresarentzat lan egiten duten 300dik gertu langileei ere kalte eragingo lieke enpresaren erabakiak eta planaren ostean “eskualdean 800 lanpostu gutxiago” leudekeela salatzearekin batera, “lantokia fisikoki ere erdia murriztuko luke, horrek ekarriko duen guztiarekin”.
Plan berri baten eskaera
Michelinek Estatuan 320 miloi euro inbertituko ditu eta horietatik 51 Lasarte-Oriako lantokian. Datu horien irakurketa egiterakoan, “15 milioi industria egitasmoa aurrera eramateko lirateke eta beste 36 milioiak produkzioa lekuz mugitzeko. Hortaz, industria proiektuak berak, ez du egonkortasunik” argitu nahi izan dute.
Enpresa Batzordearen balorazioa hiru puntutan laburbiltzen da. Lehenik eta behin, “lanpostu galeren salaketa irmoa egiten dugu. Bigarrenik, lantokiaren etorkizunaz kezkaturik gaude. Azkenik, enpresak iragarri dituen inbertsioak gauzatu ezezik areagotzeko exijitzen dugu proiektua ahalik eta indartsuena izateko”.
Amaitze aldera, “Komiteak ez du onartzen Zuzendaritzaren plana eta berri bat aurkezteko eskaera jakinarazi diogu ofizialki”. Plana arbuiatzearekin batera, “Lasarte-Oriako nahiz Usurbilgo Udaletxetan mozioak aurkeztuko ditugu aipatu hiru puntuekin eta laugarren bat erantsiko genioke, hots, Michelinek uzten dituen industria eremuak berklasifikatuko ez dituen garantia. Azken honek berebiziko garrantzia du, inguru horretan etxebizitzak egiteak gure etorkizuna baldintzatuko lukeelako eta enpresak nego
zioa egiterik nahi ez dugulako”. Instituzioaren inplikazioa eskatzeko Gipuzkoako Aldun Nagusiarekin biltzeko asmotan direla ere eman dute aditzera.
Mobilizazioei dagokienez, urriaren 20an Lasarte-Orian manifestatuko direla aurreratu dute “Michelinni argi uzteko gure etorkizunarekin ezin dela jolastu”.
Aste honetan patronalarekin biltzekoak dira zalantza egoeran dauden 164 langileekin zer gertatuko den jakin asmoz. Bilerak ematen duenaren arabera, Enpresa Batzordeak ez du mobilizazio gehiago egitea baztertzen baina lehenik eta behin, “Zuzendaritzaren asmoa zein den jakin nahi dugu”.•