Enpresa Komitearen gehiengoa osatzen duten LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariak -CC.OO. eta CSI sindikatuek ez dute bat egin deialdiarekin- kalera aterako dira bihar enpresak iragarri duen berregituratzearen aurka daudela adierazi eta hitzarmen berri bat eskatzeko. Zentzu horretan, herriko alderdi politiko eta zenbait eragile sozialengana jo dute euren atxikimenduaren bila.
PSE: “Oso kezkaturik gaude azken egunotako albisteekin, lehen ere bizitako berregituratzea baidatorkigu burura eta manifestazioan izango gara. Enpresak iragarritako neurriak hartuz gero, kolpe gogorra liztateke herriarentzat. Arazo honetan benetako protagonistak enpresa eta langileak dira eta akordioetara iritsi behar dute. Guk, gure aldetik, gertutik jarraituko dugu gaia alde guztientzat onak izango diren soluziobideak adostu ditzaten. Lurren birkalifikatzeari dagokionez, ez gara halakoetan sartuko, berez, Lasarte-Oriak lur industrial oso gutxi duela kontziente baikara”.
ANV: “Gure atxikimendua adierazi nahi dugu hiru arrazoi nagusiengatik. Lehenik eta behin, justifikaziorik ez duen neurria delako. Bigarrenik, Zuzendaritzak iragarritako berregituratzearekin emango den lanpostu galerak eragin negatiboak izango dituelako udalerri nahiz eskualde mailan. Hirugarrenik, etorkizunari begira, utziko duen kezka eta zalantza egoeragatik”.
EAJ: “Bat egiten dugu hitzez hitz Michelin enpresako langileen komiteak Lasarte-Oriako Udalari aurkeztu dizkion eskaerekin. Bereziki kezkaturik gaude Lasarte-Oriako enpresaren etorkizunaz. Enpresak aurkeztu duen planaren arabera, galduko diren 500 lanpostuen ordainetan inbertsio handiak egingo ditu jarduera berrietan, lanpostu berriak sortzeko asmotan. Alabaina, lantegien lur sailak gaur edo bihar lur urbanizagarri bihurtzeko tentaldia handia da. Hor iruzur handia egongo litzateke. Udalak lehenbailehen elkartu beharra dauka Michelin enpresako arduradunekin, galduko diren lanpostuen inguruan kezka adierazteko, iragarri dituen inbertsioen ziurtatze bermea eskatzeko, Lasarte-Oriako Udalak lur sail industrialak industria jarduerarako nahi dituela esateko, eta bide horretan enpresari laguntzeko prest dagoela adierazteko, jarduera eta lanpostu berriak sortzeko helburuaz bada”.
EB: “Manifestaldi deialdiarekin eta Enpresa Komiteak hartutako iniziatibarekin bat egiten dugu enpresak aurrera eraman nahi duen berregituratzearekin, egun faktorian ari diren langileak zein faktoria bera erdira murriztuko dutelako eta eskualdean eragin larria izango lukeen desindustrializazioa ekarriko lukeelako. Aurre jubilazioez gain, 164 langileekin zer gertatuko den ez dakigu eta udalerriaren zein eskualdearen atxikimendua garrantzitsuak direla deritzogu”.
LOHP: “Enpresak hartu nahi dituen neurrien aurrean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu Michelingo langileei. Euren lanpostua kolokan duten langileekin bat egiteko unea da eta biharko manifestazioan izango gara. Indarrak batu eta erantzunak emateko unea da eta prest gaude edozertan laguntzeko. Enpresak iragarritako inbertsioak gauzatu ditzan exijituko dugu. Lurrak ez birkalifikatzea defendatuko dugu”.
EA: “Dugun informazioarekin, langilegoak protesta egin eta manifestatzeko eskubide osoa duela deritzogu. Euren lanpostuak daude jokoan eta Zuzendaritzak bide hori hartuko zuela aspaldi susmatzen bagenuen ere, herrian eta eskualdean izango duen eragina oso kaltegarria izango dela ezin da ukatu”.
PP: “Kaltetutako langileekin nahiz enpresaren berregituratzeak udalerrian eragingo dituen ondorioekin oso kezkatuta gaude. Irtenbidea Udaletxearen esku ez dagoen arren, bitarteko lanak egin beharko lituzke soluziobide bat bilatze aldera”.
Aterpea: “Lasarte-Oriako merkalariak eta Mitxelingo langileak herriko agente aktiboak gara eta horrela segi nahi dugu; horregatik gure atxikimendua agertu nahi dugu bihar egingo den manifestaldiari begira”.
Ostadar K.F.: “Michelingo langileekin bat egiten dugu euren aldarrikapenetan eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu”.
AEK: “Gure atxikimendua adierazi nahi diegu Michelingo langileei. Lanpostuen galerak eragin kaltegarria ekarriko du udalerri osoan eta horren aurrean mobilizatu beharra dago”.
Ttakun K.E.: “Lanpostu asko dago jokoan horrek herrian eragingo dituen ondorio kaltegarriekin eta arrazoi horregatik gure elkartasuna adierazi nahi diegu Michelingo langileei”.•