Nola doaz Osasun Zentro berriko lanak?
Hilabete honetan amaituko dituztela ziurtatu digute. Aldaketa batzuk izan dira eta horregatik atzeratu egin da obra. Lehen fase honetan Osasun Zentroa amaituta geratuko da. Bigarren fase batean, Udal Zerbitzuak, hots, Udal Euskaltegia, KIUBeko bulegoa, minusbaliatuentzako lokala, kirol elkarteentzako gela, etab. hartuko dituen hirugarren solairuari eutsiko diogu. Egitasmoa erredaktatzen ari gara lizitatzeko baina hori barne lana izango da eta ez du eragozpenik ekarriko.
Noiz egongo da erabilgarri?
Gauza bat eraikina amaitzea da eta bestea lekualdaketa. Osakidetzarekin harremanetan jarri gara dagoeneko eta erantzunaren zain gaude. Jakin badakigu Eusko Jaurlaritzak altzari berrien lizitazioa amaitzear duela eta urte amaierako edo urtarrilerako Osasun Zentroa berria martxan izango delakoan gaude.
Eta horrekin batera txandakako aparkalekua, ezta?
Hala da. Lehenik eta behin, ordea, tarifa zenbatekoa izango den onetsi behar dugu Udal Ordenantzetan. Berrogei plaza izango dituen aparkaleku horrekin, merkatarien eta zentrora gestioak egitera datozenen eskaerari erantzun nahi diogu. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen eta jendeak benetan erabiltzen duen.
Loidi-Barren eremuko lanak, nola doaz?
Iaz lanak hasi genituenean lau urteko obra izango zela aurreikusi genuen. Oso obra konplexua da hirigintza lanak eta aldi berean egiten ari diren eraikuntzak uztartu behar direlako. Arrazoi horregatik, obra nahasia dela dirudi askotan baina ez da horrela. Gauza da aldi baterako geratu behar izan direla gainontzeko lanekin jarraitu ahal izateko. Gremio desberdinen koordinazioak halakoak eragiten ditu tarteka. Eremu horrekin jarraituaz, Buruntza kalea amaituta eta eskailera mekanikoak amaitzear, Buruntza kalearen hasieran egoera kaskarrean dauden eskailerak zaharberrituko ditugu.
Eremu horrekin lotuta, frontoi berria izango denaren atzealdetik joango den bidexka amaitzen ari dira.
Kalbario Bideko oinezkoentzako gune bihurtzeko lanak zertan dira?
San Pedro eliza aurrean sekulako obra egiten ari gara eta arazo batzuk suertatu dira. Hasiera batean aurreikusia ez zegoen obra egin behar izan dugu saneamendu sistemarako bultzada hodia sartzeko. Lan handiak ematen ari zaizkigu, zehaztasun handia eskatzen baitu. Udalerriko zerbitzu eta komunikazio sistemek bat egiten duten gunean hodi handiak sartu behar izan dituzte eta tentu handiz egin behar da ur-sarea edo elektrizitate-sarea ez kaltetzeko. Berriro diot oso obra konplexua dela eta horregatik doa horren mantso. San Pedro inguruko zatia amaitzean, dezente bizkorrago joango dira lanak. Lan guztiak amaitzen ditugunean, oinezkoentzako gunea eta parrokiaren izen bera eramango duen plaza izango ditugu bertan.
Beste obrarik ba al dago
martxan?
Une honetan ez dago beste obrarik martxan baina baditugu zenbait proiektu. Ibai ertzeko lanak erabat amaituta daude. Uistin parean gauzatxoren bat egiteke zegoen baina dagoeneko pasealekua eta bidegorria amaituta daude. Ibai ertzeko pasealekuaren azken zatia, justu Michelingo atletismo moduluaren atzealdean joango dena, lizitazioan dago une honetan. Michelin enpresari lur zati bat erosiko diogu eta akordioa sinatu zain gaude lanei ekiteko.
Eta etorkizunerako
proiekturik?
Industrialdeko pabiloien atzealdeko proiektua erredaktatzen ari gara une honetan. Batzordera eraman dugu eta proiektua amaitu ahal izateko irizpideak onetsi ditugu. Pasealekua eta bidegorria bateragarri egiteko aldaketatxo batzuk egin ditugu. Epe laburrean egitasmoa erakutsiko digute, Batzordera eramango dugu eta lizitazio prozesua jarriko dugu abian. Gure asmoa, urtea amaitu aurretik lizitatzea da.
Duela aste batzuk Okendo zulaketak egiten ibili ziren.
Edozein lan egiten hasi aurreko zulaketak egin dituzte. Ikerketa geoteknikoa egiteko laginak atera dituzte. Lurrazpiko aparkalekuak egingo dira bertan eta lur azpian zer aurkituko dugun jakin behar dugu.
Okendoko lanak hasteko datarik ba al dago?
Beste administrazio baten esku gaude. Brigitarren patrimonioaren babesarekin erabat lotua doa Okendoko obra. Bilera eta eztabaida askoren ostean, Eusko Jaurlaritzarekin adostasun batetara iritsi gara eta komentuko patrimonioaren babesa eta hirigintza proiektua bateragarri egitea lortu dugu. Guzti horrek luze jo du eta atzeratzen joan da baina aurreikuspena datorren urtean obra martxan jartzea da.
Udaletxe berriaz zerbait aurreratuko al diguzu?
Urtea amaitu aurretik egitasmoa onetsiko dugu. Egun duguna txikia geratu zaigu eta berriarekin, langileek lanerako leku duinagoa izatearekin batera, herritarrei harrera egokiagoa egiteko aukera izango da. Hortaz, Udaletxe berriko eta Okendoko lanak 2008an hasiko genituzke.
Lizarriturri-enea geratuta dago aspaldian.
Lan hori ez du Udalak geratu. Gauza da garai batean bertan gasolindegi bat zegoenez, lurraren kutsadura aztertu behar dela ezertan hasi aurretik. Jakin dudanez, ikerketaren emaitzen zain daude eta lurra kutsaturik balego, baimendutako zabortegi batetara eraman beharko litzateke. Epe laburrean lanak hasiko dituztela pentsatzen dut.
Lasarte-Oriak duen lur eskasia traba bat al da?
Zalantzarik gabe. Arazoa da gure lur eremuan ere ezin dugula erabakirik hartu. Edozein aldera jotzen dugula ere, mugak eta eragozpenak aurkitzen ditugu. Batetik ibaia, N1, etab. Apenas dugu hedatzeko lekurik. Gainera, edozein obrak ezinbestean behar dituen informeez gain, gure kasuan erantsitako gehiegi ditugu.
Amaitzeko, Donostialdeko Bigarren Gerrikoak eragingo dituen kalte larriaz hiritargoa ez dela jabetu azpimarratu nahiko nuke. Lanak hasten dituztenean, horrek ekarriko digunaz konturatuko gara baina berandu da jada ezertan hasteko. Gerriko horrek Teresategin izango duen erag