Euskarazko bilatzaile berria Interneten

Interneten bilaketaren bat egin nahi dugunean, Google eta Yahoo! izan ohi dira bilatzaile erabilienak. Hauek, ordea, ez daude euskarazko testuetan bilaketak egiteko pentsatuta. Hortaz, hauetako bilatzaile bat erabiltzen badugu euskarazko bilaketak egiteko, arazoak izango ditugu. Gaurko egunean ia ezinbesteko tresna bilakatu da Internet eta gero eta erabiltzaile gehiago daudela kontutan izanik, euskaldunak ez gara salbuespen, jada martxan den www.elebila.eu sortu du Elekak Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean, hots, euskarazko lehenengo bilatzailea Interneten.

Har dezagun Google bilatzailea adibide gisa, bera baita Interneteko bilatzaileetan nagusia. “Hizkuntza Tresnak” dioen atalean sartuz gero, bilaketa zein hizkuntzatan egin nahi dugun aukera emango digu baina euskara ez da hautagaien artean ageri. Hortaz, beste hizkuntza baten grafia bera duen hitz bat bilatu nahi badugu, ezingo ditugu emaitzak euskarazkoetara mugatu. Baina hitz baten grafia euskaraz eta beste hizkuntzatan desberdina den kasuetan ere arazoak emango dizkigute ohiko bilatzaileek eta lehenengo emaitzetan, bederen, ez dugu euskarazko emaitzarik aurkituko. Egin aproba bestela eta egiaztatu ahal izango duzue.
Gainera, ohiko bilatzaileetan bigarren arazo batekin egingo dugu topo. Jakina da, euskaldun berriei galdetu besterik ez dago, euskal hizkuntzak deklinabide aberatsa duela eta atzizkiak etengabe erabiltzen dituela. Ohiko erabiltzaileetan hitz bat sartzen badugu, “etxe” esate baterako, bilatzaileak informazio mugatu bat baino ez digu emango. Beste hitz batzuetan esanda, “etxe” hitzaren deklinazioak, “etxearentzat”, “etxeko”, “etxerako”, “etxekoei”, etab. ez ditu bilatuko. Sarean saltseatzen dabiltzan euskal hiztunek aurki ohi dituzten arazo horiekin amaitu eta soluziobideak emateko pentsatuta dago Elebila.

Soilik euskarazko
emaitzak
Elebila bilatzaileak soilik euskarazko bilaketak egiten ditu eta ondorioz, euskaraz diren emaitzak baino ez ditu ematen. Berdin dio beste hizkuntzaren batean berdin idazten den edo eta web orria, berez, euskara ez den beste hizkuntza batean dagoen. Sarean nonbait euskarazko informaziorik baldin badago, aurkitu egingo du. Gainera, eta hau bereziki garrantzitsua eta baliagarria da euskararen kasuan, hitz baten arabareko bilaketa egiten dugunean, hitz horri buruzko informazioa ematearekin batera, deklinazio kasuak sortuko ditu automatikoki eta bilaketa egin jarraian.
Eta are gehiago. Ez beti, baina posible den guztietan, bilaketa aukerak zabaldu egiten ditu, forma ez estandarrak ere kontutan hartzen baititu. Zera esan nahi dut, “zakur” hitz estandarra bilatzen badugu, Elebilak galdetu egingo dio erabiltzaileari ea “txakur” forma ez estandarrera ere zabaldu nahi duen bilaketa.

Egokia ikasleentzat
Beti ere eredu egokiak bilatzen baditu, euskal ikasleak abantaila aurkituko du aipatu bilatzailearekin. Maiz, edo gehienetan, bilaketa bat egiten dugunean, lortzen dugun informazioa gazteleraz edo beste hizkuntza batean izan ohi da. Horrek hiru lan dakartza berekin. Leheneik eta behin, informazioa ulertu eta barneratu. Bigarrenik, itzuli. Azkenik, gazteleraz aurkitu dugun hori euskara jatorrean nola jarri asmatu. Hizpide dugun Elebila bilatzaileak, zati handi batean behientzat, hori ekiditen du, soilik euskarazko emaitzen informazioa igortzen digunez, ereduak begi bistan izango baititugu.
Elebila, beraz, bilatzailea integratua duen web orrialde bat da. Atari horretako bilatzaileak merkatuan dauden beste bilatzaileen pareko abiaduraz eta zehaztasunez bilatzeko gaitasuna du. Gainera, sakeleko telefonoen bitartez ere kontsulta daiteke, www.elebila.mobi helbidean.
Aurrera begira, bilatzailearen sustatzaileek adierazi dutenez, publizitate bidez finantzatzea espero dute.•