Gure eguneroko janzkera zaintzen dugu baina egun berezi horietan askotan mozorro tankera hartzen diegu zenbaiti.
Tamalez egia da. Une batzuetan ahaztu egiten zaigu iraganik gabe ez dagoela etorkizunik eta urtean zehar baserritarrez jazteko dauzkagun egun gutxi horietan, euskaldunon istoriaren zati bat eguneratzen eta gogoratzen ari garela. Baserritar jantzia gure arbasoen eguneroko jantzia zelako eta gure nortasunaren zati bat gehiago delako, gutxieneko errespetua zor diogula iruditzen zait.
Gaurdaino erabili izan ditugun jantziak badira; mantala, buruko eta sorbaldako zapi berdinak, abarkak eta alpargatak, txapela, blusoia...
Jantzi horiek aiton-amonek mantendu dituzten jantziak direlako iritsi zaizkigu baina eurak horrela jazten ziren industria Euskal Herrian sartu zenean, perkala eta kotoia indar handiz sartu baitziren eta gerrak gizartea, orokorrean, ilunez jaztea ekarri zuelako. Bordatuak zeuden mantalak, dotoreago jantzi behar zen egunetarako uztea ekarri zuen. Bestetik, kolore beltza ezkontzera zihoazen emakumeek eta alargunek erabiltzen zuten. Emakume alargunak ez du dizdira duen oihalik erabiliko eta goitik beheraino beltzez jantzia egongo da. Eguneroko oinetakoa alpargata zen eta nekazari giroan larruzko abarkak. Dororeago janzteko, ordea, larruzko zapatek. Gizonezkoen lepoan ez zuten zapirik erabiltzen. Dantzan ari zirenean erabili zezaketen soilik baina emakume bati maileguan eskatuta.
Orain berriz badirudi dena koloretan egin behar dela. Halere, oihalak, kopurua, konbinazioak, etab. zaindu beharko dira, ezta?
Koloretako jantziak egitea ongi dago, baina kontutan izan behar da hitz egiten ari garen garaian laranja, pistatxoa, arrosa eta horia ez zituztela ezagutzen. Urdinak, berdeak, marroiak, gorriak, beltzak, txuriak, erabiltzen zituzten. Perkala eta kotoia sartu zirenean, oihal marradunak eta karratudunak sartu ziren. Beraz, aukera bazeukaten jantzi dotoreak egiteko. Baita egin ere.
Gainera jantzietan egoera ekonomikoa isladatzen zen. Euskal jantzi herrikoiak daukan jantzirik dotoreena eta aberatsena txalekoa da. Egunerokoa zein dotoreago egotekoa. Bien arteko aldea, egiteko erabiltzen zuten oihalan dago. Eguneroko txalekoak egiteko lihoa erabiltzen zuten eta txaleko dotoreagoa egiteko aldiz, zeta landua edo bordatua. Eta txalekorik dotoreenak, diruz ongi zebiltzan gizonezkoenak, zilarrezko zortzi botoi izan zitzakeen. Gaur egun, tapizeria asko erabiltzen da eta botoi doratuak edo plateatuak eraman ditzakete txalekoek.
Jantzi bat horrela egitea, dirutan asko kostako da ezta?
Kolpean jantzi osoa, berria egiten bada, garestia da. Baina piskanaka ere osa daiteke baserritar jantzia. Gainera jantzia piskanaka egiteak, jantziari denbora gehiago eskaintzeko abantaila dauka. Izan ere, ez da berdina oihala besterik gabe ikustea edo jantzia josita dagoenean ikustea. Aldatu egiten da kolorea edo, aukeratutako oihala jositakoan, ez da uste genuen bezala gelditzen. Diru asko gastatu gabe ere, jantzia ongi eraman daiteke, buruko zapia ongi jarria badago, gonaren azpitik gonazpikoa eraman eta ikusten ez bada, jantziari dagozkion belarritako txikiak erabiltzen badira... Jantziaren xehetasunei daukaten garrantzia ematea nahikoa da, txapela kentzeko moduko jantzia egin eta soinean eramateko.
Denda espezializatuak erruz areagotu dira.
Koloretako jantziak zabaldu diren bezala, egunetik egunera herri gehiagotan daude jantzi hauek saltzen dituzten dendak. Denda guztietan dituzte fabrikan egindako jantziak salgai. Batzuk oihalak saltzen dituzte norberak nahi duen jantzia egiteko eta beste batzuk eskuz jositakoak dauzkate. Fabrikakoak merkeagoak dira, baina oihal kantitatea eskasagoa da. Aldiz, eskuz egindakoak garestiagoak dira, baina oihal gehiago dute. Eta oihala erostean, jantzia zuk nahi duzun modura egin dezakezu.
Janzkeraren arabera jakin al zitekeen egoera zibilaren berri?
Emakume bat aurrez aurre izanda jakin zitekeen bere egoera zibilaren berri. Baina baita maila ekonomikoa, etxeko lanetan trebea zen edo josten etxerako modukoa zen. Emakumeak zapi txuria bazeraman, ezkondua zen. Estanpatua bazen buruko zapia, ezkongabea. Alargunak eta ezkontza egunean, beltza eta burua estali gabe zeraman emakumea, ezkongabea.
Nola jakiten zen emakume ezkongabe bat jostun ona zen ala ez?
Ezkontzerakoan, andregaiak senargaiari oparitzen zizkion harizko alkandoren kopurua eta kalitatearengatik. Orduan eta hari finagoa eta alkandorek apaindura gehiago eta ongi josiak baziren, orduan eta andregai hobeagoa. Senargaiak andregaiari, ponpoidun ligak oparitzen zizkion edo dagoeneko oso gutxi erabiltzen diren azpikogona gorriak, sorbaldarako zapia edo mantoia. Honetan ere, orduan eta azpikogona edo mantoi hobeagoa, orduan eta senargai hobeagoa. Egoera ekonomikoa jantzietan isladatzen zen. Emakumearen trentzaren luzera eta loditasuna eta azpiko gona gorria horren adierazle ziren. Gizonezkoetan, txalekoak, oihalak eta zilarrezko botoiak dira elementu adierazgarriak.
Gazteak trasgresoreak izan ohi dira. Zarautzeko Euskal Jaietan, adibidez, jantzi asko ikusten da baina denak ez dira egokiak, ala?
Gazteak berezkoa du berak nahi duena egiteko joera. Baina batzutan baserritar jantziak dauzkan gauza onuragarriei bizkarra ematen die. Zarautzeko euskal jaietan, adibidez, beroa egiten duenez, ilea moño batean jasoz gero edo alpargatak jantziz gero, beroa eta eguna bera, hobeto jasango dute. Oso errez ematen diren aholkuak dira baina oso zaila zenbait gazteri hau horrela ikusi araztea.•