Rikardo Uzkudun oriotarra eta Shanti Sesma donostiarra Landaberri BHI ikastetxeko irakasleak dira eta bien artean eginiko zientzia artikuluagatik saritu dituzte Wikipedian. Kontatu digutenez, Bilboko Zientzia eta Teknologia Astearen harira antolatutako Euskaraz Blai lehiaketan, hain zuzen ere. Lehiaketaren helburua, Wikipedian eskurazko sarrerak areagotzea izan da eta Euskal Herri osoko proiektuen artean saritu dute Rikardo eta Shantiren lana. Sari banaketa joan den hilabetean egin zuten Bilboko Arriaga Antzokian.
Rikardo aurten iritsi da Landaberrira. Rikardok, aldiz, Landaberri BHIren hasieratik da irakasle bertan. Berez, plastika eta soinketa irakasleak izanik, harritu egiten du giza anatomia gaia aukeratzea lehiaketarako. Ikasleak teknologi berrietara hurbiltzeko asmoarekin hasi ziren lehiaketagatik interesatzen eta eurek artikulu bat aurkeztea erabaki zuten. Pentsatu eta egin, “Shantik animatu ninduen. Giza anatomiari buruzko idatzi bat bazuela eta osatu ostean, sarean zintzilikatzea erabaki genuen” dio Rikardok.
Ildo beretik jarraituaz, “ikastetxearentzat sari bat eskuratzeko modua izan zitekeen eta guretzat ere motibagarria zen halako gauzak nola egiten diren ikasteko. Kuriositatea piztu zitzaigun eta Wikipedian gauzak nola editatzen diren jakin nahi genuen” jarraitu dute.
Deskriptiboa eta
didaktikoa
Hezurren eta giharren eskurazko izenak agertzen dira eta terminologia aldetik oso erabilgarria ikasle zein irakasleentzat. Horixe da, hain zuzen ere artikuluaren jatorria. Beste askotan gertatzen den moduan, terminologia gazteleraz erabiltzen ohituak gaude eta arazo horri irtenbide bat emate aldera, euskarazko zerrenda osatu eta bateratu bat egin dute. Shantik berak aitortu digu edukia ez dela “sakonegia, DBHrako egokituta dagoen hezur eta giharren eskurazko zerrenda bat baizik. Artikulu deskriptiboa da. Hainbat sinonimo ere jaso ditugu, marrazki batzuekin osatuta”. Aipatu irudiak oso baliogarriak dira hezur nahiz giharren kokaleku zehatza ezagutzeko.
Bien esanetan, “artikulua bere osotasunean saritu dutela uste dugu. Esan digutenez, oso txukuna, irudiekin eta oso didaktikoa delako eman digute saria”. Horren adierazle, antolatzaileek adierazitakoa, hots, % 94ean erabilgarria dela aurkeztutako artikulua.
Internet nahiz orohar teknologia berriekiko duten interesa kontutan izanik, ez dute baztertzen etorkizunean bestelako lehiaketetan eta egitasmoetan hastea. Gauzak nola egin ikasi dute.
Saria oraindik eskuetan ez badute ere, ikastetxea izango da onuradun nagusia, lortutako saria ordenagailu eramangarri bat baita.•