Euskaraz, goxoago

arkaitz-illarramendi 2007ko azaroaren 23a

Buruntzaldeko Udalek martxan jarri duten fruta dendetako kanpaina berriaren aurkezpena egin zuten astearte goizean Astigarragako Kultur Etxean. Zorione Etxezarraga, Astigarragako Udaleko Euskara Batzordeko Lahendakariak, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko Iñaki Arruti arduradunak eta Marifer Gorostiza teknikariak kanpainaren nondik norakoa eman zuten aditzera.

Eguneroko hizkuntz ohiturak egun batetik bestera aldatzea ez da erraza. Maiz, helburu handiak, handiegiak agian, lortzeko ahaleginetan joaten zaizkigu indarrak eta asmoak egunerokoan eragin gabe. Abiapuntu horretatik eta 2005-06 ikasturtean sektore berean burututako egitasmoari jarraiki, abenduaren 18a bitartean luzatuko den Eska itzazu frutak eta barazkiak euskaraz! kanpaina jarri dute abian Buruntzaldeko sei udalerrietako Euskarako Batzordeek. Kanpainari amaiera emateko, 50 euroko bi erosketa-bono zozketatuko dituzte establezimendu bakoitzeko.
Kanpaina hau, 2002 urteaz geroztik Buruntzaldeko Udalek elkarlanean, sektore desberdinetan garaturiko egitasmoen barne hartu behar da. Dagoeneko, antzeko kanpainak burutu dituzte jatetxe, arrandegi, ile-apaindegi, estetika zentroetan eta gestorietan.

Helburuak
Egitasmoan parte hartzen ari diren fruta-denden ahalegina eta konpromisoa ezinbestekoa da kanpainaren helburuak betetzeko. Zentzu horretan, "herritarrak sentiberatzea euskaraz eska dezaten eta herritarren hizkuntz ohituretan eragitea da helburu nagusia.
Bezero euskaldunen kasuan, erosketak euskaraz egitea sustatu nahi da eta bigarren maila batean, termino berriak ikastea eta erabiltzea. Erdaldunen kasuan, paisaia linguistikoan euskararen presentziaz ohartzea eta euskarara hurbiltzeko bidetzat hartzea" azpimarratu du Iñaki Arrutik.

Ezaugarriak
Duela bi urteko kanpainan 15 errotulu dendako eta frutaz egindako errezeten 15.000 liburuxka banatu zituzten. Fruten barietatea oso zabala dela eta orduan barazkiak kontutan hartu ez zituztela jabetuta, aste honetan abian jarri duten kanpaina berrirako 77 errotulu desberdin prestatu dituzte. Gainera, fruta-dendetako barietatea eta prezioak jartzeko ohitura izan dute kontutan eta aurretiko proba egin dute uda aurretik denda handi batean.
Marifer Gorostizak azaldu duenez, orotara, "Buruntzaldeko 41 barazki eta fruta denda hartzen ari dira parte kanpainan. Hauei, herrietako azoketako fruta postuak gehitu behar zaizkie". Fruta eta barazkien euskarazko izenak hedatze aldera, kanpainako elementuak bailarako ikastetxe eta euskaltegietan banatuko dituzte.
Eta euskarazko izenak ikasi eta erabiltzea nahikoa pizgarri ez bada, fruta-dendetako bezeroek 50 euroko bi txartelen zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan eskuragarri dauden eta erosketak egindakoan bezeroei emango dizkieten txartelak bete behar dira. Jolas moduan, barazki zein fruta izenak aurkitu behar dira letra-zopan eta horretarako prestatutako kutxetan sartu zozketan parte hartzeko.•