Bi faisai eta eper bat bota nituen. Oilagor bat ere jo nuen baina ez genuen lortu sasi artetik ateratzea eta bertan geratu zen

arkaitz-illarramendi 2007ko azaroaren 23a

Joan den igandean Euskadiko Ehiza Txikiko Txapelketa txakurrarekin jokatu zen Santa Cruz del Fierro (Araba) herrixkan. Bertan, txapelketa sozial, zonakako eta probintzia mailakoetan sailkatutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehiztaririk trebeenak bildu ziren eta tartean, azken sailkapenean hirugarre izan ziren Buruntz Azpi elkarteko Antonio Carrasco ehiztari beteranoa eta Laura Martin.

Nola joan zen igandeko txapelketa?
Oso ongi. Hirugarren sailkatu nintzen beteranoen mailan eta oso gustura nago lortutakoarekin.

Oker ez banago, Gipuzkoako lehena, ala?
Halaxe da. Lehenengo bi sailkatuak bizkaitarrak ziren. Gipuzkoako txapelketan ere hirugarren sailkatu nintzen eta orduan nire aurretik sailkatu zirenak, oraiongoan atzean utzi ditut.

Zenbat pieza bota zenituen?
Hiru, bi faisai eta eper bat bota nituen. Oilagor bat ere bota nuen baina leku traketsean geratu zen eta ezin izan genuen eskuratu. Sasi artean geratu zen eta txakurrak ere ezin izan zuen atera. Lastima, oilagorrak faisaiak eta eperrak baina gehiago puntuatzen du eta. Horrekin, bigarren postua nirea izango zen.

Gipuzkoako txapelketan hirugarren, Euskadikoan ere... Azken urratsa falta zaizu.
Egia esan, beti dago “izorratzen” nauen batenbat. Bost alditan hartu dut parte Euskadiko txapelketan eta lautan hirugarren sailkatu naiz. Igandean lehena izan nintzen gipuzkoarren artean baina bi bizkaitarrek gainditu ninduten.

Amaitu al da denboraldia zuretzat?
Ez, bi txapelketa ditut buruan. Datorren hilean Buruntz Azpi elkarteko txapelketa izango da eta parte hartzekoa naiz. Hurrena, zonako txapelketa izango da jokoan. Urtarrilean izango dela uste dut.

Aurtengoa, nolako denboraldia izan da ehiztariontzat?
Atzo oilagor bat bota nuen Amasa aldean baina oso urte txarra izan da. Ez da batere ehizarik egon. Buruntza, Andatza eta Amasa aldera joaten naiz eta erditan esku hutsik itzultzen naiz.•