Erasotzaileak salatu eta biktimak babestu

arkaitz-illarramendi 2007ko azaroaren 26a

Dagoeneko 73 dira bikotearen biolentziagatik Estatu osoan hildako emakumeak, iaz baino bost gehiago. Kopuru horretatik bi Euskal Herrian eraildakoak dira. Baina hori arazoaren azken eta ondorio latzena besterik ez da, zenbaki hotz horrek adierazten duena baino arazo larriagoa baita genero biolentziarena, Euskal Herrian egunero hamar emakumeek tratu txarrak salatzen dituztela ikusi besterik ez dago. Eta plazaratzen diren kasuak baino ez ditugu aipatu. Zenbat ote dira, berdin dio emakume ala gizon -tratu txarrak sofritzen dituzten gizonak ere badirela ez ahaztu- tratu txarrak, jazarpenak edo irainak salatu gabe isilean jasaten dituztenak? Zorionez, gero eta gutxiago, baina gehiegi oraindik, kasu bakar bat ere jasanezina dela ohartzen ez garen bitartean, ez baita arazoa amaituko.

Kontzientziazioa
Kontzientzia eta hezkuntza. Horiek dira behin betikoz gaitz sozial honekin amaitzeko bideak. Biktima direnek salatu egin behar dituzte tratu txarrak baina horretarako ezinbestekoa da gizartearen eta ingurukoen babesa izatea eta sentitzea, guztion ardura baita genero biolentziarekin bukatzea.
Eta erasotzaile direnek ere kontzientziatu behar dute. Biolentziak inora ez daramala eta egiten duenak ordaindu egiten duela ikusi behar dute argi eta garbi. Eta horretan, zeresan handia dute legegileek baina baita epaileek ere.
Beldur naiz, ordea, gehienetan ez ote garen gertaeren atzetik joaten. Eta gai honetan, gertaeren atzetik ibiltzeak badakigu zer dakarren; heriotza. Horregatik, tratu txarrak gauzatzen dituztenak zigortu behar badira ere, nola ez, prebentziora bideratu behar dira indarrak eta genero biolentziak eragindako biktima bakar bat gehiago egon ez dadin beharrezko baliabide guztiak jartzea premiazkoa da.
Data hau ospatu beharrik ez den eguna iritsiko ote da laster!

Erakusketa, hitzaldia eta antzerkia
Genero Biolentziaren Aurkako Nazioarteko Eguna atzo izan bazen ere, Udaleko Zerbitzu Sozialek antolatutako ekitaldiak ostiralera aurreratu zituzten.
Zentzu horretan, Mirentxu Etxean abenduaren 5a bitartean ikusgai egongo den erakusketa ikusgarria nabarmendu behar da. “Ez zara inoren panpina” izeneko erakusketa ibiltarian -hurrena Andoaingo Basterora eramango dute- CEIMPROko arte ederretako ikasleek tratu txarrak jasaten dituzten pertsonen egoera salatu nahi izan dute. Horretarako, mezuak dituzten kamisetak erabili dituzte.
Leku berean, Barbara Dürkhop eurodiputatu sozialista suediarrak egungo legediak dioena errepasatu eta Europan gauzak nola diren azaltzearekin batera, tratu txarrak salatu eta biktimak babestu egin behar direla azpimarratu zuen. Ildo beretik, “jazarpen sexualak tratu txarren aurreko urratsa dira” adierazi zuen eta “erasotzaileak gutxieneko eskubideak urratzen ditu” jarraitu. Europan tendentzia gero eta tratu txar gehiago aditzera ematea dela ere esan zuen, baina horrek ez duela esan nahi “orain lehen baino gehiago ematen direnik, lehen ezkutatu egiten baitziren”.
Amaitze aldera, “tratu txarrak behin egiten dituenak errepikatzeko joera izan ohi du. Horregatik, salatu egin behar da lehendabizikoan, bigarrenaren zain egon gabe”.
Eguneko ekitaldiekin amaitzeko, Cristina del Valle abeslariaren kontzertua eta Zentro Zibikoko antzerki taldearen lana izan ziren ikusgai. Aldarrikapen eguna jai giroan amaitzeko, afaltzera joan ziren elkarrekin.•