Arrieta etxea eraikita zegoen orubea 1907an erosi eta bertan etxea eraiki zuten. Eta etxearen eskriturek jasotzen dutenez etxea 1917ko uztailaren 19koa da. Etxeak 110m karratutako bi pisu eta goian ganbara zituen. Hasiera batean, 2.pisuan Arrietatarrak ez ziren familia bat egon zen bertan bizitzen, baina Mercero ahizpen lehengusua, Mitxel Galardi, ezkondu zenean 2.pisu horretan Galarditarrak jarri ziren bizitzen eta lehenengo pisuan, berriz, Mercerotarrak. Horrela, etxe honetan jaio ziren Mercero familiako hiru anai arrebak Ignacio, Mª Dolores eta Mª Karmen.
Mª Karmen 2000. urte arte egon da bertan bizitzen eta Itziar Teletxeak 2007ko abenduan utzi zuen etxea.
Arrieta taberna
Etxe azpian, Eustaxik, beraien amonak irekitako Arrieta taberna egon zen. Baina, herrikoek Los Arbolitos deitzen zioten, taberna aurrean bi akazia zeudelako.
Bi ahizpek tabernari buruz hitz egiterakoan, gauza asko oroitzen dituzte: amona, ama eta izeba bertan lanean, haurtzaroko oroitzapenak... Taberna herriaren erdi-erdian zegoenez, jende askorentzako bilgune izaten zen. Nahiz eta bazkariak ez eman, jangela hainbat gauzetarako erabiltzen zuten. Ahizpek gogora ekarri dute beraien aitak Atano gonbidatu zuenekoa.
Los arbolitos izatetik, Larrañaga taberna izatera pasatu zen. Ondoren, azkeneko ia mende erdiz Ostatu Berri izenarekin ezagutu dugu.
Okendo garai batean
Egungo argazkia eta garai batekoa oso desberdinak dira. Etxearen aurrealdean, gaur egun plaza dagoen horretan, baratza eta lorategia zituzten. Eta egun errepidea dagoen lekuan, igandero dantzaldia egiten zen. Ostatuko biltegia zegoen horretan, bolatoki bat eta gizonezkoen ile-apaindegi bat zeuden. Orain, pertsona baino telefono gehiago dago, baina, lehen La Bodega tabernan herriko telefono bakarra zegoen eta handik kendu zutenean, Arrieta etxean jarri zuten. Garai hartan gutxi batzuk zuten telefonoa etxean eta zaldi lasterketa garaian, kanpoko jendeak erabiltzen zuen batez ere.
Urte haietan, Okendo plazaren erdian zegoen palmondoa Mercerotarren aitak landatu zuen. “Udalak palmondoa kentzeko erabakia hartu zuenean gurekin hitz egin zuen eta orduan Institutuaren aurrera mugitu zuten gure erabakia errespetatuz”.
Etxeak eta inguruak aldaketa asko jasan dituzte, baina Mercero eta Galarditarrentzat agian gogorrena etxea botatzea izan da. Izan ere, etxe horretan gauza asko bizi eta oroitzapen oso onak dauzkate, haurtzaroa, gaztaroa...
Etorkizuneko lanak
Udalak Arrieta etxea bota ondoren, plaza handitzeko eta errepidea oinezkoentzako kalea bihurtzeko asmoa du. Plazan margotuta dagoen horma bota eta honen atzealdean dauden arkuak begi bistan geldituko dira, atzean dijoan plaza baterako pasabidea sortuz.
Brijidatarren komentua Patrimonio Kulturala denez, Jaurlaritzaren esku zegoen azken erabakia. Horregatik, atzeratu dira Okendo plazako lanak. Epeei dagokienez, ez dira egun bat jartzeko zaleak, baina urte honen bukaerarako zerbait egiten hasiko direla esan digute udaletik.•