Guatemalan Irrati bidez ere hezkuntza etxeetara iristen da

arantxa-genau 2008ko apirilaren 11

Kristina Molina lasarteoriatarra 2007ko otsailean Guatemalara joan zen ALBOAN GKE ren bitartez, irrati bidezko proiektu batekin, Instituto Guatemalteco de Educación Radiofonica, IGER, izeneko erakunde batean lan egitera. Urtebete eta bi hilabete pasa dira eta orain herrian dago, hilabeterako etorri da bisitan eta aurrera begira zer egin pentsatzeko. Berarekin hitzordua jarri dugu bere esperientziaren berri izateko, hona hemen solasaldiak eman duena.

* Denbora bat egin duzu Guatemalan, non egon zara zehazki?
Hasera batean Sayaxché eskualdean dagoen Peten departamentura joan behar nuen, han Bergarako mutil batekin UyUyUy irratian lan egiteko. Baina, azkenean, Valladolideko bikote bat joan zen eta IGER erakundeak leku hartan daukan proiekturako jende gehiegi ginela ikusiaz, ni Guatemalako hiriburuan gelditu nintzen.

* Zertan aritu zara lanean? IGER erakundeak irrati ezberdinak ditu Guatemala guztian zehar:
"Doble via" irratia (FM) eta "Radio Internacional" (AM) hiriburuan. "Radio UyUyUy", Sayasxchén (Peten) eta laugarren bat "Radio Solola" Panajachel herrian. Hauetaz gain IGERek Guatemalako 22 irrati katolikoekin hitzarmen bat sinatuta dauka eta horren arabera irrati hauetan hezkuntzari tarte bat eskaini behar diote.

Zein izan dira zure funtzioak?
Ni Guatemalako hiriburuan aurkitzen den "Doble via" irratian aritu naiz, azken finean sede horretan gainontzeko irrati guztien zentrala zegoen. Nire funtzioak ezberdinak izan dira, baina gehienbat produkzio lanetan aritu naiz. Irrati honek hezkuntza helburuak ditu eta horretarako irrati bidezko klaseak ematen dituzte "maestro en casa" izeneko saioaren bitartez. Saio hauen ondoren ikasleek lehenengo hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta Batxilergoko tituluak lortzen dituzte eta titulu hauek Estatuko Hezkuntza Ministeritzak ematen duen balio ofiziala dute.

Zein da irratiaren eskaintza?
Ikasleak ikasi dezaten motibatzeko iragarkiak eta kurtso ezberdinak eskaintzen ditu irratiak, beti ere hezkuntza helburu dutela. Adibidez, "Diplomado en participación ciudadana" kurtsoarekin hiriburu inguruko komunitateetan dagoen jendea kontzientziatu nahi dute, udalak kudeatzen duen dirua beraiena ere badela jakin arazteko. Kurtso hauei esker, eskaerak udalari bideratzen ikasten dute. Eskaerak komunitateetako kontseiluetan erabaki eta lantzen dituzte.
Bestetik, "Curso sobre la Ley de Desarrollo Social y Salud reproductiva" kurtsoaren bitartez, harreman sexualetan kontutan hartu beharreko neurriak lantzen dituzte: antisorgailu metodo desberdinak, higienea, planifikazio familiarra… Bestalde irrati nobelak latzen dituzte irratian biolentzia, giza-eskubideak, ingurugiroa, emakumeak, lurra... bezalako gaiak landuz.
Guzti hau aurrera ateratzeko aurretik lan asko egin behar da eta honen promoziorako laburpen gidoiak ere egiten nituen.

*Nolako bizipenak izan dituzu?
Hangoekin konparatuta egoera pribilegiatuan nengoela esan daiteke, etxean denetatik neukan, arropa garbigailua, hozkailua… Guatemalan hemen ez dudan independentzia neukan, pisu konpartitu batean bizi nintzelako, etxetik kanpo, gurasorik gabe, nire bizitzaren jabe. Baina aldi berean, hango segurtasun ezak jendearekiko menpekotasun batera bultzatzen ninduen; hiriburua oso arriskutsua da, autobusak erasotzen dituzte, kalean edozein lekutan lapurretak daude… eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera kaletik bakarrik ibiltzea ez da komeni. Horregatik, jendez inguratuta ibiltzea aholkatzen dizute. Biolentzi egoera erreala da, baina askotan hemen ematen dizuten irudiarekin beldurrezko predisposizio batekin joaten zara.

* Gertutik biolentzia bizi izan duzu?
Ni bizi nintzen auzoa nahiko lasaia zen , hiri erdian pisu bakoitzean 2 apartamentu zituen 3 pisuko eraikin batean bizi nintzen eta beraz jendea banuen inguruan. Gainera bertako mutil bat pisu-kide nuen. Lanera joateko bi autobus hartzen nituen eta lehen esan dudan bezala, autobusak askotan erasotzen dituzte baina niri ez zait ezer gertatu. Beraz, zorte pixka bat izan dut. Ezagutzen dut nire inguruan lapurretarik jasan duenik.

* Han egon zaren bitartean bisitarik izan al duzu? Eta zuk turismoa egiteko aukera izan duzu?
Lagunak, familia, mutil lagunak bisitan joan zaizkit eta eskertzekoak izan ziren bisita hauek.
Han nengoenez turismo pixka bat egiteko ere aprobetxatu dut. Guatemalako ekialdea kenduta gainontzeko gehiengoa ikusi dut. Klima aldetik izugarrizko ezberdintasunak daude alderdi batetik bestera.

* Zerk harritu zaitu gehien?
Batez ere beraien baikortasunak, beti gauzen alderdi ona ikusten saiatzen dira eta. Jendea oso atsegina da eta konfidantza segituan ematen dizute, ezertaz ezagutu gabe berehala beraien etxeetara gonbidatzen zaituzte. Alde honetatik gurekin konparatuta oso ezberdinak dira eta jarrera hoietatik ikasi egin beharko genuke.