Artikulu horretan deskribatzen dena, begiratzen gaituzten pertsona batzuen begirada erakusten du, soilik gure mugak eta ezgaitasunak ikusteko gai direnenak, ez ordea gaur egun gure etxea den egoitzan aurrera eraman ditzakegun ahalmen, gaitasun eta ekintzak.
Begi horiek honelaxe ikusten gaituzte: “gaixorik”, “burua galduta”, “lur jota, onenak emanda, gainbehera”, “elkarri begira, eta elkar ikusten ez dutela, noizean behin antsi-hasperen bat botatzen dutela, besterik ez”, “bejetalak” bezala gaudela baieztatuz.Hori al da, irakurle, zuk ikusten duzuna?
Gu ez gara irudi honetan ezagutzen, eta hauxe da gure benetako errealitatea: Pertsona adinduak gara, batzuk ez hain adinduak, bai pertsona paregabeak. Gure herrian, Lasarte- Orian, Atsobakar deituriko egoitzan, elkarrekin bizi garen pertsonak gara. Arrazoi ezberdinengatik ez dugu nahi izan edo eta ezin izan dugu gure etxean bizitzen jarraitu. Behar dugun laguntza onartzen dugu, ez gaixoak garelako, baizik eta gutariko batzuek gaixotasunak jasaten ditugulako, beste edozeinek bezalaxe. Jasotzen dugun tratua ona eta errespetagarria da, guztiok elkar “mimatzen“ dugu, gure senitartekoekin batera, beraz , etxe honetan giro maitakorrik ez zaigu falta!.
Batzuetan triste gaude, eta nor ez? eta heriotza hurbil ikusten dugun galdetzen badiguzu …, noski baietz!, adina dela eta txartela gehiago ditugu, baina bizitzaren atal bat dela ulertzen dugu, eta horrexegatik probetxu ateratzen saiatzen gara. Egun bakoitza opari bat da. ¡que nos quiten lo bailao!
Denbora honi, opari honi, probetxua ateratzen saiatzen garenez, gure denbora antolatu eta elkarrekin era guztietako ekintzak aurrera eramaten ditugu: gaurkotasunean kokatzen gara egunkarietako albisteak komentatzen, gorputza eta burua lantzen ditugu, badakizu … “Mens sana in corpore sano”!. Nahi dugunok gure kabuz egunero errosarioa errezatzeko aukera dugu, edota larunbatetan egoitzan bertan mezetara joan gaitezke.
Era desberdinetako eskulanak egiten ditugu, gozogintza tailerra, olibekin errezeta bereziak probatu (eta ondoren denon artean jan, noski!), josi, marraztu, irakurri, ipuinaren orduan iritzi eta hausnarketak egin …. Orain musikoterapian sartu berriak gara, eta nola ez¡ , betiko mahai jokoetan ere aritzen gara. Guzti honetan, gure senideak, bolondresak eta baita langileak ere parte hartzen dute.
Gainera urteak betetzea eta elkarrekin ospatzea atsegin dugu. Egoitzan festak antolatzen ditugu, eta herriko ospakizun berezietan parte hartzen dugu ere: inauterietan, San Pedro jaietan… Astero, eguraldi ona egiten badu, Nagusilaneko bolondresen eta Atsobakarreko monitoreen laguntza atseginarekin herriko azokara jeisten gara.
Ikus daiteken bezala, aukera sorta galanta daukagu, eta bakoitzak parte hartzen du gustuko dituen edota ahal duen ekintzetan.
Hau da gure Atsobakar! Sartu eta irtetzen gara, eta ongietorriak dira errespetatzen gaituzten guztiak.
Bisitatzera datozen pertsonak, Nagusilaneko bolondresak barne, bere lanean apartak dira, gure erabakiak ontzat hartzen dituzte, eta baita egoitzaren arduradun eta senitartekoenak; egoileek erabakiak hartu ezin dituztenean beraiek direlako erabakiak hartzen dituztenak. Pertsona hauek isilean egiten duten lan fina goraipatu nahi dugu, ezagutzarekin egiten dutelako, eta gure intimitate eskubidea errespetatzen dutelako.
Horrexegatik gaur Atsobakarretik beste behin eskerrak eman nahi dizkiegu eta gonbidapen bat egin nahi diegu begiratzen gaituzten pertsona guztiei: Begira gaitzatela kontutan izanik ez garela gaixoak, baizik eta oraindik gauza asko egitear ditugun pertsonak, eta horretan gaude! Zu ere horretan nahi zaitugu! Bizitza bizi ezazu!