Liburua eta kontzertuak, urtemuga ospatzeko

Liburua eta kontzertuak, urtemuga ospatzeko
Hilaren 15ean ospatuko dute Lasarte-Oriaren sorreraren 33. urteurrena. Alde batetik, 'Retazos III' liburuaren aurkezpena egingo dute; dokumentu historikoen bilduma da. Bestetik, Esparza eta Medina musikariek kontzertua eskainiko dute

Lasarte-Oriako Udalak ez du historia luzea. Hain justu, 1986ko otsailaren 15ean eratu zen, Hernanitik eta Urnietatik bananduta. Halere, Jesus Zaballos alkateak nabarmendu duenez, "historia askoz ere luzeagoa" du herriak. Eta hori oroitzeko, datorren ostiralean udalerriaren urtemuga ospatuko dute, modu berezi batean. Alde batetik, Jose Luis Navarroren Retazos III liburua aurkeztuko dute, herriaren historia jasotzen duten dokumentuekin eginiko kronika.  18:00etan izango da aurkezpena, kultur etxean. Bestetik, Danok Kidek antolatuta, Nébel Duoa ikuskizuna eskainiko dute, 19:30ean, brigidatarren komentuan. 

Bide neketsu eta luzea independentziara bidean. Lelo horrek laguntzen dio Retazos III izenburuari. Navarrok berak azaldu duenez, luzea izan zen prozesua, 120 urteko epea hartzen baitu; 1866. urtetik 1986ra. "Nekagarria izan zen, gure udalerria kudeatzen zuten herrien borondate, interes falta eta utzikeriarengatik". 
Horrenbestez, XIX. mendean hasten da Navarroren kontakizuna. Garaiko idatzien eta udal akten bidez jasotzen du lasarteoriatarren "independentzia nahiak".

Kontzertuak kultur agendan
Ondoren eskainiko duten kontzertua berezia izango da oso. Alde batetik, parte hartuko duten bi musikarien kalitateagatik; Jose Miguel Esparza klarinete jotzailea, eta Mercedes Medina piano jotzailea. Eta bestetik, udalerriaren eratze akta sinatu zen tokian bertan joko dutelako. Omenaldi gisa, Lasarte-Oriako erreserkia interpretatuko dute. 

Halere, otsaileko kultura agenda askoz ere zabalagoa da. Hilaren 13an, asteazkenean, Andrea Bocceli eta Izotz gaineko patinaje hoberena emango dute, 19:00etan, kultur etxeko auditoriumean. Operazaleak erakartzeko asmoz, balleta eta kantua uztartzen dituen ikuskizuna aukeratu dute, pantaila handian emateko. Bocceli beraz aparte, Zara Errusiako abeslariak jarriko du ahotsa. Gainera, munduko patinatzaile hoberenetarikoak parte hartuko dute.