Asteburu bikaina Almi Campos eta Eneko Eizagirre judokentzat

Asteburu bikaina Almi Campos eta Eneko Eizagirre judokentzat
Gipuzkoako txapeldun izendatu ostean, Salamancako Espainiako kopan brontzezko dominak eskuratu dituzte

Almi Campos eta Eneko Eizagirre judokek ez zuten atsedenik izan lehengo asteburuan. Larunbatean Gipuzkoako junior mailako txapelketa jokatu zuten Hondarribian; igandean, berriz, Salamancan lehiatu zuten Espainiako kopako proba. 

Gipuzkoako txapelketan, biek urrezko domina eskuratu zuten. Eizagirrek erraz irabazi zituen bere mailako hiru borrokak.

Espainiako kopako proban, berriz, zailago izan zuten LOKEko ordezkariek. Camposek maila handiko judoken aurka egin zuen, eta hirugarren postuan amaitu zuen. Eizagirrek min hartu ostean, brontzezko domina eskuratu zuen.

Bestalde, LOKEko infantil mailako gaztetxoek Gipuzkoako txapelketarako lehen sailkapen saioa izan zuten Hondarribian. Julen Ugartek eta Unai Guisadok  bigarren postua lortu zuten, eta Iñigo Dafontek bosgarrena. Lehen  biek txapelketako finalerako txartela lortu dute. LOKEko entrenatzaile Gorka Aristegi pozik agertu da judoka guztiek egindako lanarekin. "Kontuan izan behar da Almi kadetea dela, eta infantilek lehen urtea zutela".