Onartu behar dut ez naizela oso memoria onekoa. Despistatu samarra naiz, eta arrainaren memoria dudala esan izan didate. Eta ez zaie arrazoirik falta. Epe laburreko memoriari dagokionez, argia piztuta uztea, etxera ogirik gabe iristea eta kalera zerbait ahaztuta irtetea klasikoak dira niretzat. Beraz, konfiantza gehiago dut nire epe luzeko memorian

Onartu behar dut ez naizela oso memoria onekoa. Despistatu samarra naiz, eta arrainaren memoria dudala esan izan didate. Eta ez zaie arrazoirik falta. Epe laburreko memoriari dagokionez, argia piztuta uztea, etxera ogirik gabe iristea eta kalera zerbait ahaztuta irtetea klasikoak dira niretzat. Beraz, konfiantza gehiago dut nire epe luzeko memorian.

Esate baterako, gogoan dut nola garai honetan, Santa Ageda bezperarekin, Zubietan ibiltzen ginen ikastolako umeak baserriz baserri koplak kantatzen. Abarken sokak lurrean arrastaka ibiltzen genituen, eta, makilak lurra kolpatzeko ez ezik, kaska-kaska jolasteko ere erabiltzen genituen. 

A ze garaiak! Noizbehinka duela 10 urte, 20 edo gehiagoko herria oroitu nahian ibiltzen naiz. Egia esan, pixka bat kostatzen zait imajinatzea EuskoTrenen geltokiaren parean Dorre etxea zegoela, edo BM eta Tximistarreta inguruan hilerria zegoela (sanpedroetan, goitibeherak), edo Andre Joakina Enearen azpian gaztetxea. Gustatuko litzaidake denboran atzera egin eta 80-90eko hamarkadako Lasarte-Oriatik paseotxo bat ematea. 

Baina ez da nire kontua bakarrik: badirudi gure epe luzeko oroimena ez dela uste bezain fidela. Neurologian adituen arabera, oroitzapen bat berreskuratzen dugun bakoitzean, berreraiki egiten dugu informazio berria txertatuz. Pentsa, beraz, urteak aurrera doazela, errealitatea noraino desitxuratu daitekeen. Alabaina, ahanzturan ez galtzeko memoria entrenatu daitekeela diote. Eskerrak oraindik oroimen ona dutenak badiren, gure zaharrak, adibidez; haiekin freskatu beharko dugu memoria.