Ostarbi Eraikuntzak eta Zerbitzuak enpresak Erribera kale eta Isla plaza lotzen dituen pasadizoaren estruktura sendotzeko obrak egingo ditu. Profilez osatutako bilbadura bat eta karbono zuntzezko habetxoak ezarriko dira egitura sendotzeko. 39.126 euro lana izango da. Errefortzu obrak bukatu ondoren irekiko da berriro pasabidea.
Aspaldi ziren pasabideko egonkortasun arazoak agerian, gangetako forjatuetan hezetasunak eragindako dilatazioak eta sabaiko armaduren korrosioarengatiko pitzadurak zeuden. Tartean, ganga batzuen erortzea ere izan zen. Arazo hauek guztiak direla eta, segurtasun neurri gisa, pasadizoa itxi zuen udalak.
Auzotarrek oso erabilia duten pasadizoa konpontzeko hartutako akordioa betetzen du honela udalak.
Larrialdietako irteera
Bestalde, Jubilatuen Elkarteko larrialdietako irteera egiteko obrak Construcciones José Aizpurua Unanue S.L. enpresari adjudikatu dizkio Udalak, 47.851 eurotan.
Udalak Biyak Bat erretiratuen elkarteak egindako premiazko eskaera bati erantzuten dio, Gaur egun, Jubilatuen Elkarteko sarbide eta larrialdietarako irteerak lehen solairuan daude bakarrik eta sotoko solairuan larrialdietako irteera bat izateko beharra du elkarteko egoitzak.
Eskaera hori betetzeko, Udalak lokal bat erosi behar izan du atzealdeko etxabeetan. Horren kostua 42.680 eurokoa izan zen. Orain lokala larrialdietako irteera gisa prestatuko dute.
Beste inbertsio batzuk
Azkenik, udalak 16.640 euro xedatu ditu Manuel Lekuona kultur etxerako haur-altxagarriak erosi eta areto nagusiko eszenatokiko hainbat elementu berritzeko.
Cinetronica S.L. enpresak Manuel Lekuonako areto nagusiko banbalinoia, errezel amerikarra eta haren erreia berrituko ditu. Lanak 13.010 euroko aurrekontua izango du.
Industrias Korflip enpresak, berriz, 144 haur-altxagarri hornituko ditu. Horiek 3.630 euroko kostua izango dute eta beharrezkoak dira haur txikien aretoko ikuspegia hobetzeko.