TSSTko eraikina eraistea geldiarazi nahi du EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urtarrilaren 30a

Kotxeraseko eraikin zaharra erreformatu eta kultur eragileei eskaini nahi die Lasarte-Oriako EAJk. Udalaren moduak kritikatu ditu Jon Antxordokik bozeramaileak, ondare kultural eta historikoa duen eraikin hori "isilpean" eraitsi nahi izateagatik.

Kotxeraseko TSSTko eraikina zaharkitua dago, eta aspaldi ez da ezertarako erabiltzen. Haatik, eraikin historikoa da, adituen hainbat txostenek "balio historiko" hori aitortzen baitiote. Horregatik asaldatu da Lasarte-Oriako EAJ udalaren eraikina eraisteko asmoen berri izan duenean. "Eraisteko baimen hori bertan behera uztea eskatzen dugu". Gainera, jarduteko modua kritikatu du. "Gordeka jardun dute, alkatetzat ez du ezer jakinarazi, eta zeharka izan dugu horren berri", adierazi du Jon Antxordoki bozeramaile jeltzaleak. 

EAJk azaldu duenez, 1949. urtekoa da eraikina, eta Euskadiko Mugimendu Modernoaren arkitektura ondarearen katalogoan dago. Halaber, Euskadiko Ondare Kulturalaren katalogoan elementu inbentariagarri izaera du. 

Inguru horretan etxebizitza auzo oso bat eraikitzea aurreikusita dago aspaldi, baina  proiektua geldirik dago. EAJren proposamena da TSSTko eraikin zaharrari "erabilera kulturala" ematea. "1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago, eta Oria auzoak ere behar ditu bere azpiegitura kulturalak. Herriko kultur eragileek ere lokalak behar dituzte, gauzak gordetzeko edo entseatzeko. Horretarako leku aproposa da eraikina". 

Kultura erabilerarako
Izan ere, kanpoko itxurari eutsita, barnealdea birgaitzea da Antxordokiren proposamena. "Lasarte-Oriak duen eraikin zahar bat mantenduko genuke. Orain arte beste eraikin zaharrak bota egin dituzte. Gutxi geratzen dira herrian". 
1.000 etxebizitza horien proiektuan, Kotxeraseko eremuan, parke bat aurreikusita dago; eraikina bere horretan mantenduko litzateke. Horregatik, aurreko legealdian, EH Bilduren alkatetzan, bi arkitekto kontratatu zituzten, txosten bat egiteko. "Txosten horretan nabarmentzen da eraikinaren berezitasuna, eta ondare kulturalean eta historikoan duen garrantzi handia", azaldu du Boris Nogalesek, EAJko kideak. 

Eraikin historikoaren eraistea bertan behera uzteko lanean jarraituko dute jeltzaleek. Oposizioko beste taldeekin harremanetan jarri dira, baita herriko kultur eragileekin ere, inguru hori baliatzeko aukeraz hitz egiteko. "Inauterietako konpartsek ez dute haien karroza non prestatu. Eraikin hori toki aproposa litzateke horretarako".