Lasarte-Oriako Udalak bi horma-irudi berri egiteko lanak kontratatu ditu; bata, Oriako frontoian, eta bestea, Arranbide kalean. Gauzatuko diren bi margoek motibo geometrikoak izango dituzte, Villa Mirentxuko trinketean azken asteetan burututakoaren moduan. Esleitutako zereginek 6.147 euroko kostua izango dute, eta J&M Pintores enpresa izango da haien arduraduna.
Muralen gauzatzea Guztion Lasarte-Oria programaren barruan kokatzen da, helburu duena argazkien edo margoen bidez herriko hormak eta guneak edertzea edo berreskuratzea, "atseginago edo erakargarriago" bihurtuz. Xede horri jarraituz, horma-irudi berriek txukundu egingo dituzte Oriako kirol eremuko eta pilotalekuko paretak, baita Arranbide kaleko azken tartea ere, non lehenagotik eginak baitzituzten autobus kotxera zaharrei erreferentzia egiten zieten beste margolan batzuk.
Halaber, egitasmo beraren parte da Villa Mirentxuko trinketean margotu berri duten murala. Koloretako laukiz eta laukizuzenez osatua, Piet Mondrian artistaren geometria abstraktuko obren erreferentziak ditu. Hau ere J&M Pintoresek egin du 1.912 eurotan.