Udalerriko hiru zonaldetan saneamenduko sareak dituen zenbait arazo konpontzeko lanak esleitu ditu Lasarte-Oriako Udalak. Zehazki, Antxota kalean, Sasoeta eskola publikoan eta Goiegi errekak Sasoeta auzoan barrena egiten duen bidean aurrera eramango dituzten zereginak dira adjudikatutakoak.
Gune bakoitzeko lanak enpresa bati egokitu zaizkio. Antxota kalekoak Excavaciones y Transportes SA enpresak gauzatuko ditu, eta horretarako, 19.005 euroko aurrekontua izango du. Sasoeta eskolakoak egiteko, aldiz, Illarreta enpresak 8.263 euro izango ditu. Azkenik, Goiegi errekak Sasoeta auzoan egiten duen bidean saneamendu sarearen egokitzapen lanak, Ubillus Obras y Servicios enpresak egingo ditu 47.388 euroko aurrekontuarekin.