Gomezen heriotza salatzeko eta preso gaixoak etxeratzea eskatzeko, manifestazioa larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 29a, 19:34
Ibon Fernandez Iradi Lasarte-Oriako presoa gaixo dago Lanemmezango espetxean, Frantzian.

Oier Gomez preso ohiaren heriotza salatzeko eta larri gaixo dauden euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko mobilizazioak egingo dituzte otsailaren 2an, larunbatean, Sare Herritarrak deituta. Donostian, Alderdi Ederren elkartzeko deia egin dute, eguerdian. Gasteizen eta Galdakaon ere protestak egingo dituzte. 

Bada egoera horretan dagaoen lasarteoriatarrik: Ibon Fernandez Iradi. Preso dago Lanemmezango espetxean, Frantzian, nahiz eta orain dela zortzi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. Laster epaiketa berri bat izango du, espetxealdiaren etetea aztertzeko. Euskal Herrian egingo diren mobilizazioetan haren etxeratzea ere eskatuko da, nazioarteko tratatuek eta  legediak berak dioten moduan.

Gomez joan den astetik Baionako ospitalean zegoen, eta larunbat goizaldean zendu zen, haren osasunak okerrera egin ostean. Gasteiztarrak 35 urte zituen, eta minbizia zuen. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten Ewingen sarkoma, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Haren gaitza "sendaezina" zela ohartarazi eta hilzorian zegoela adierazi zuten orduan medikuek. Bihar, hilaren 30ean, ehortziko dute haren gorpua Miarritzen, 11:30ean.