Ibilgu publikora "baimenik gabeko isurtzeak" egiteagatik udalaren kontrako zigor-espedientea abiarazi du Uraren Euskal Agentziak (URA). Hala ezagutarazi du ohar baten bidez Eguzki talde ekologistak. Izan ere, neurriaren berri eman baitio erakundeak Hipodromoko zubi ondoan isurtzen duen kolektoreari buruz galdetuta. Halaber, udalak berretsi egin du hilaren 25ean jaso zuela idazkia, baita haren kontrako arrazoibidea prestatzen ari dela ere.
2016ko martxoan lanean hasi zen Lasarte-Oriako eta Usurbilgo hondakin urak bildu eta itsasora bota aurretik Loiolako araztegira bideratzen dituen Interzeptore edo Hartzaile Nagusia. Bi udalerrietako ur zikin gehienak hara badoaz ere, Eguzkik ohartarazi duenez, hiru urte geroago, oraindik ere badira zenbait hutsune, Hipodromoko kolektorearena, kasu; eta noizbehinkakoak izatetik urruti, isuria "etengabea" da. Udalak 2018an gabezia horiek konpontzeko konpromisoa hartu bazuen ere, ez da hala izan; eta egoera salatzeko idazkia aurkeztu zion URA erakundeari.
Erakundeak hilaren 16an emandako erantzunaren arabera, ekologistek aurkeztutako argazkikoak "herri hondakin urak dira, konektatu gabe dagoen Lasarte-Oriako saneamendu zati batetik datozenak"; eta Goiegi errekako estaldurara zuzenean doazenak. Isurketak herriko saneamendu sareko "hutsuneen" ondorio dira eta ¨Lasarte-Oriako Udalari dagokio saneamendu sare orokorrarekin lotzea". Udalak "ahoz konpromisoa hartu zuen" horiek ezabatzeko, baina gaur egun arazoak bere horretan jarraitzen duela ikusita, URAk Lasarte-Oriako Udalaren aurkako zigor-espediente baten tramitazioari ekin dio "ibilgu publikora baimenik gabeko isurtzeak" egiteagatik.
Konpontze bidean
Udalak baieztatu egin du URAren zigor espedientea jaso izana,"bi hondakin isurketaren ondorioz". Bata, aipatutako Goiegikoa da, konpontzen ari direna Sasoetako saneamendu lanen bidez; bestea, berriz, Brunet inguruan izandakoa. Azken hori, udalaren hitzetan, Kantauriko Hidrografia Konfederazioak hondakin urak biltzeko proiektua gaizki gauzatu izanaren ondorio da. Udalak ez du bere eskumentzat, baina, hala ere, erabaki du urritasuna zuzentzeko beharrezko ponpaketa egitea. Neurria onartze bidean dagoen 2019ko aurrekontuan jaso du, "lehenbailehen garbitu eta irtenbidea gehiago ez luzatzeko".