EH Bilduk badu hautagaia: Jon Martin Tejeria

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 28a, 19:02
Michelinen LAB sindikatuko langile batzordeko kide izan da 16 urtez. Hautagai bakarra izan denez, automatikoki izendatu dute alkategai.

EH Bilduk aukeratu du dagoeneko udal hauteskundeetan lehiatuko den hautagaia: Jon Martin Tejeria. Hautagaiak aurkezteko epea amaituta, bakarra izan da Martin, eta, horrenbestez, automatikoki izendatu dute. Harekin batera zerrendan aurkeztuko direnak zeintzuk diren oraindik ez du jakinarazi alderdiak. 

Michelingo lantegian egin du lan Martinek azken 22 urtean. Bertan langile mugimenduaren alde egin du lan, LAB sindikatuko enpresa batzordeko kidea izan baita azken hamasei urtean. EH Bilduk hautagaiari buruzko informazioa argitaratu du prentsa ohar batean. Sindikatu horretan ardurak hartutakoa da Martin; esate baterako, hamalau urtez herriko langileei aholku eta laguntzak eman dizkie, eta hamaika ekimenetan parte hartu du. Bestalde, hamar urtetik gora eskualdeko idazkaritzako kide izan da.

Aurkezteko arrazoiei buruz hitz egin du hautagaiak: "Esaldi bakar batean laburbildu daitezke: 2011-2015ko legegintzaldian egindako lanarekin jarraitu eta Lasarte-Oria herri bizia izateko bidea bultzatu nahi dugu berriro. Guretzat Herri Bizia herri kultural eta sozioekonomikoki kohesionatua da, antolatua, kritiko eta aktiboa, aniztasuna aberastasun bilakatzen duena, sortzailea, parekidetasunaren bidean urrats sendoak ematen dituena, bizipoza transmititzen duena. Eta euskaraz mintzaten dena". 

Alde horretatik, EH Bilduk nabarmendu du Lasarte-Oria "emankorra eta aberatsa" dela, elkarte eta talde ugaritan antolatzen direlako herritarrak. "Horien guztien lana udaletxeko lanarekin sinkronizatu nahi dugu, eta elkarlana sustatu". Helburu horiek lortzeko modua ere aipatu du: "Udalaren kudeaketak on, zintzo, garden eta zorrotza izan behar du ezinbestez; erabat funtsezkoa izanik, kudeaketa horretan, herritarrak ahaldundu eta benetako parte-hartze erreala ziurtatuko duen eredu bat".

EH Bilduren arabera, aurreko legegintzaldian frogatu zen hori guztia posible dela. "Bide horretan pauso gehiago ematea eta sakontzea erronka pertsonal eta kolektibo ederra iruditu zait erabakia hartzerakoan. Horregatik, Lasarte-Oria herri bizia egiten frogatutako eskarmentua duen talde sendo baten partaide moduan alkategai izateko konpromezua hartu dut gogotsu", adierazi du Martinek.